Idoia ERASO
BAIONA

Urre meatzeei ezezkoa eman diote 2.000 lagunek Baionan

Sudmine enpresak Ipar Euskal Herriko hamaika herritan urre meatzeak ustiatzeko Gobernu frantsesari baimena eskatu ziola-eta, gizartea aurka dagoela adierazteko 2.000 pertsona baino gehiago bildu ziren atzo Baionan. Erabaki politikoa udazken honetan hartu behar dela jakinik, manifestazioa egin zuten, eragile politiko, sozial eta ekonomikoen ordezkaritza zabalarekin. Vincent Bru diputatuak proiektua gelditzeko aukera badagoela baieztatu zuen.

Urre meatzeei euskal gizarteak agertu dien «ahobatezko» kontrakotasuna argi gelditu zen atzo Baionako karriketan. Azken hilabeteotan proiektuaren kontra mintzatu diren eragile guztietako ordezkariak ikus zitezkeen bertan. Bi urteren ondoren erabakia hartzear dago, eta gobernuari presio egiteko, Stop Mines EH kolektiboak kalera ateratzeko egindako deiari erantzun zabala eman zion gizarteak, euriari aurre eginez.

Manifestazio hasieran kolektibo askotako kideak zeuden. Panpi Olaizola Euskal Herriko Laborantza Ganberaren izenean, Bizi mugimenduko Florence Aniotz, CADEko Martine Boucher, eta deialdia egin zuen kolektiboko presidente Thierry Michel zeuden, besteak beste. «Herri honetan denak aurka gaudela argi gelditu da, zilegitasun guztia dugu gure lurretan eginen denaren inguruan erabakitzeko» baieztatu zuen azken honek.

Eragile sozial eta sindikalen gibeletik hamarka politikari elkartu ziren: Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidentea, Vincent Bru diputatua eta Alice Leiziagezar eskualde kontseilaria, besteak beste. Han ziren ere ustiapen baimenak eragingo liekeen hamaika herrietako auzapez gehienak.

Gobernuaren erabakia dena delakoa dela, mezua argia zen bertaratutako eragile guztien artean: borrokak aurrera jarraituko du. Sudminek baimena ez lortzea da xedea, baina lortuko balu ere, kontrako ekimenak ez dira bertan behera geldituko. Horretarako bidean modu ezberdinak aipatu ziren; Etchegarayk errekurtso legalak aipatu zituen eta eragile sozialek bestelako ekimenak aipatu zituzten.

Bizi mugimenduak ostegunean Sudmine enpresako presidentearen etxearen aurrean egindakoa izan daiteke horrelako bat, non pala mekaniko batekin agertu eta lanak egiten ariko balira bezala jardun ziren. Horren inguruko antzerki txiki bat ere ekarri zuten Baionara, mota horretako makina batekin egin zutelarik Laugatik Roland Barteserako ibilbide osoa.

Ministroarekin harremana

Baimena lortzeko baldintza tekniko guztiak betetzen direla jakinik, orain Bruno Le Maire Ekonomia ministroak hartu behar du erabaki politikoa. Kanboko auzapez ohia den Vincent Bru diputatu berriak ministroarekin elkartu dela jakinarazi zuen atzo. Le Mairek txostena, eta euskal gizartearen kontrakotasuna, «arras ongi» ezagutzen duela baieztatu zuen, eta denbora euskal gizartearen alde dagoela erran ziola gaineratu. Zentzu horretan azaldu zuen ikerketak egiteko Sudminek lehen baimen bat eskatu zuela eta Gobernuak ez zuela erantzun, eta hori dela eta enpresak erakunde zentrala Paueko Epaitegi Administratibora eraman duela.

Adierazpen horren kontrako mezua zabaldu zuen Etchegarayk martxa bukatzean hitza hartu zuenean: «Batzuek proiektua ez dela eginen uste dute, baina tronpatzen dira, egitasmoa aurrera doalako».

Caroline Phillips Garapen Kontseiluko presidenteak Le Mairek beraiekin elkartzeko denborarik ez duela jakinarazi ziela adierazi zuen taula gainetik, eta funtzionario batzuk beraiekin harremanetan jarriko direla erran ziola.