Iratxe FRESNEDA 
Irakaslea eta ikus-entzunezkoen ikertzailea

Lekeitioko Zine Bilera

Maya Deren zinegileak esaten zuen: «Maitasunarengatik egiten ditu filmak amateurrak». Latinetik dator “amateur” hitza, maitalea, maitaleak baitira maitasunagatik ekiten dutenak.

Idealizazioetatik at, “zinegile maitaleak” ez du zertan bere askatasuna baztertu interes ekonomikoengatik, eta horrek bermatuko dion mugimendu eta sortze askatasunak, sarritan, handi egingo du bere sortze lanaren ahalegina eta, era berean, zinemagintzari egingo dion ekarpena, dudarik gabe.

1545. urtean, “Linguae Vasconum Primitiae”, euskaraz idatzitako lehenengo liburua argitaratu zen. Bernart Etxeparek euskara kokatu zuen letren plazan eta, euskararekin batera, hizkuntzaren zainetatik bidaiatzen duen kultura unibertsoa.

Zineak zain horietatik nabigatzen du aspaldi, euskararen bidelagun. XXI. mendean sarturik, zinea eta euskararen mapa zeharo eraldatu da, elkarrekin bidaiatzen dute naturaltasunez, zailtasun bat edo beste tartean, baina badoaz.

Tokian tokiko hizkuntza ez hegemonikoetan sortutako zinemagintzaren gaur egungo kartografiara heldu ahal izateko, herrigintzaren eta erakunde publikoen babesa ezinbestekoa izan da. Ibilbide horretan, profesionalek eta amateurrek, zinemaldiek eta zineklubek, bidaide izateaz gain, eragile bezala lan egiten dute. Horien artean, toki berezia, aitzindaria den legez, Lekeitioko Zinemaldiak hartu du.