gara, donostia

Lekuek irabazi du Tolosako saioa; Maiak eta Arzallusek ere hartu dute trena

Atzo Tolosako Beotibarren kantatu zuen seikotetik hiruk segituko dute txapelketan aurrera: Etxahun Lekuek –saioko irabazleak–, Maddalen Arzallusek eta Jon Maiak. Atzoko partidan ez zegoen erraza puntuak pilatzea eta bertsolariek majo egin behar izan zuten lan. Hala ere, bertsolari txalotuenak ez ziren izan puntu gehien bildu zituztenak eta plazak pena handiz ikusi zuen Beñat Lizaso txapelketako trenetik jaisten. Berak ere ez zuen pena txikiagoa.

Beotibarko plazak besoetan bildu zuen oholtzako seikotea. Plazaren itxurak ere laguntzen zuen horretan, goitik behera eta alderik alde, ondo inguratua aritu zen bertsolaria. Tolosako final laurdena, azkena, jendetsua izan zen, 1.250 lagun bilduaz. Puntuazioek bazuten grazia eta garrantzi berezia, hurrengo fasera zein bertsolari pasatuko diren argitu baitzuten. Atzoko saiotik hiruk egingo dute aurrera: Etxahun Lekuek, Maddalen Arzallusek eta Jon Maiak. Finalaurrekoetara sailkatzen azken bertsolaria Aimar Karrika izan da, 651,5 punturekin. Hortxe jarri da marra.

Ezin berotu
Beotibarkoa ez zen saio oso beroa izan, bazuen tentsio puntu nabarmena. Hala ere, bertsolariek fin egin zuten lana, aiseago edo lotuago, eman zituzten gozatzeko motiboak.
Azkenean Etxahun Lekue irabazle, 673 punturekin. Larrabetzuarrak bere armarik onena erabili zuen: erregulartasuna. Zortziko handian goitik hasi zen, ariketa puntuatuena sinatuz. Hortik aurrera ariketa guztietan pilatu zituen puntuak fin-fin, lehen tokia eta finalaurrekoetarako zuzeneko txartela lortuz. Kartzelako gaian Katalunia hartu zuen hizpide. Hauxe izan zuten kartzelako gaia: inoiz ez bezalako besarkada eman dizu aitak. «Gu Villafranca del Penedesen aspaldian munduratu/ ginen baina orain bizitakorik etxaku inoiz gertatu/ askatasuna lortzea ei zan herri osoaren patu/ orain gerturatu jaku/ amets egi bilakatu/ urriak bata eta aitagaz bozkatu gendun bozkatu/ negarrez hasi zan orduan baina, ez ninduen besarkatu». Hirugarren bertsoan besarkatu zuen: «Herri askea garala esan da zabaldu gara mundura/ aitak oraintxe besarkatu nau ta ez nau askatu gura».
Bigarren, Maddalen Arzallus, hiru puntu eskasera. Ariketa guztietan konplitu zuen eta kartzela puntuatuena berea izan zen. Kartzelakoa hasi behar zuenean kanpaiek luze jo zuten Beotibar inguruan eta une estua izan zen. Arzallusek, baina, bikain baliatu zuen bere bigarren alean; «zure borroka egin zenuen eta legeen harira/ etorri ziren eta eraman lehenik komisaldegira/ eta ondoren hartu zintuzten ta eraman urrutira/ orduz geroztik gaua pasa dut ziegetara begira/ baina azkenik etorri zara berriro gure herrira/ ta aspaldi partez gure herrian kanpaiak entzuten dira».
Kartzelako gaiak aita aipatzen zuen eta azkeneko agurrean Maddalen Arzallusek ama hartu zuen gogoan, bezperan haserretuta eta etxean muturtuta geratu zen bere ama. Barkamena plazan eskatu zion. Une polita.
Jon Maia izan zen hirugarrena, nahi baino lotuago eta estuago seguruen. Lehen agurrean zerotik hasteko intentzioa agertu zuen; «hamaika urtetxo dauzkat ta Jon da nire izena/ arratsaldeon Tolosa gaur berriz hasten da dena». Baina, bistan denez, izenak eta izanak pisua daukate. Batzuetan, zama.
Beñat Lizasok behin eta berriz piztu zuen plaza eta pena ikaragarriz entzun zuen publikoak puntuazioa. Benetan saio ona josi zuen.
Eta azken biek, Galletebeitiak eta Lazkozek, egindako kartzelakoa, apartatzeko modukoa, primerakoa.