GARA
SEGURA

Hamahiru bikote nor baino nor arituko dira bihar Segurako Dantza Txapelketan

Euskal Herriko 41. Dantza Txapelketa jokatuko da bihar. Denera hamahiru bikote lehiatuko dira elkarren aurka, Gipuzkoatik hamar, Arabatik bi eta Ipar Euskal Herritik bakarra.

Bihar dute dantzazaleek urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa. Segurako Baratze pilotalekuan elkartuko dira arratsaldeko seietan. Guztira, hamahiru bikote igoko dira agertoki gainera. Gipuzkoatik hamar, Arabatik bi eta Ipar Euskal Herritik bat.

Gipuzkoatik hurbilduko diren lau bikote azpeitiarrak dira: Amets Amubieta eta Larraitz Larrañaga; Mikel Subinas eta Maite Beobide; Ekain Uzkudun eta Laura Bastida eta Jon Ander Iriondo eta Maider Arrieta. Izango da Gipuzkoako beste ordezkaririk ere: iaz txapela jantzi zuten Xabier Artola eta Idoia Besada (Irura-Pasaia); Gorka Kerejeta eta Leire Eizmendi (Azpeitia-Errezil), Julen eta Nagore Berrondo errezildarrak; Iker Sanz eta Ane Urruzola (Lezo-Villabona); Bergarako Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga, eta Irati Aranguren eta Leire Urresti (Azpeitia-Getaria). Gasteiztik Beñat Olanok eta Amaia Uraldek parte hartuko dute eta Urruñatik eta Biarritzetik Pierre Latasak eta Miren Arbelbidek. Denek egin beharreko lana honakoa izango da: zortzi bueltako fandangoa txistuz, Isilkara txistulari taldearen musikarekin, eta arin-arina trikitiaz, Estanga anai-arrebak trikitilarien piezarekin.

Epaimahaia Euskal Dantzarien Biltzarreko bost adituk osatuko dute: Arantxa Garin, Josu Ibarra, Antton Mendizabal, Nerea Vesga eta Ander Garitaonaindiak. Janzkera epaitzea berriz, Ainhoa Mendiburu eta German Nestaresen esku egongo da.

Bikote irabazleak Nestor Basterretxearen eskultura jasoko du, baita 800 euro eta oroigarria ere. Bigarren bikote sailkatuak 600 euro eta oroigarria eskuratuko du eta hirugarrenak 500 euro eta oroigarria. Dantza jantzien saria 150 eurokoa da.

Atsedenaldian Tio Teronen Semeak dantza taldearen emanaldia izango da Baratzen.

Txapelketa ETBk emitituko du egunean bertan, 22.00etan, Imanol Artolak eta Izaro Iraetak aurkeztuta.

Iaz bezala, txapelketaren aurretik, egunean zehar Dantza Eguna ospatuko da Seguran. Herrian zehar dantza egiteko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek.