Jon GARMENDIA
Idazlea

Atzean

Uda hasi berrian ez zebilen jende askorik Baionako Panecau karrikan 21.30 aldera. 1979ko ekainaren 25a zen, astelehena, eta Peugeot 305 batetik tiroka hasi ziren lau gizon Enrike Gomezen gorputza balaz josi arte. 25 urteko euskal errefuxiatu politikoa ospitaleko bidean hil zen. Emaztea, Kristina Larrañaga, haurdun zen, eta hiru hilabete berantago sortu zen bien seme Aratz. Batallon Vasco Españolek erreibindikatu zuen hilketa, eta sigla horien atzean Espainiako zerbitzu sekretuak zeuden, Alianza Apostolica Anticomunista, Guerrilleros de Cristo Rey edo Accion Nacional Españolaren atzean bezala. Mertzenarioz osatutako talde hauek 27 hildako eta 24 zauritu utzi zituzten beren bide zikinaren atzean. Aldiz, aurrera egin zuen Kristinak, zailtasunei aurpegi eman eta isilpean biziz; eta amaren ondoan hazten joan zen Aratz, 1999ko azaroan Arkaitz Saez lagunarekin Irunen atxilotu zuten arte; ETAko kide izatea leporatu zieten eta matrikulak egiteko makina bat ebasteko saiakera egotzi. Orduz gero, kartzelan eduki dituzte Espainiako lur urrunetan, eta orain atera dira biak; Azkainera itzuli da Aratz, herrira, eta ongietorriko hitz-hartzean, bera aitzinean egonda atzean zituenak eskertu ditu, ama, familia, lagunak, eta bereziki Sabrina, neskalaguna, aitortza publiko hunkigarri batekin. Atxilotu zutenean ezagutu berriak omen ziren, Sabrinak ez zekien euskaraz, deus gutti euskal munduaz, baina maitasunari eutsi zion, Aratzekin zailtasunei aurre egiteari. Eta gogora ekarri dit zenbat adore, maitasun, kuraia, etsipen, irribarre eta amets dagoen euskal borrokalari bakoitzaren atzean.