Ariane KAMIO
DONOSTIA

Halloweenen aztarnategitik

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Asteak «The Crucifixion» filmaren aurrestreinaldiarekin eta «Bad Black» lanaren emanaldiarekin ospatuko du gaur Halloween gaua. Ez da hori izango eguneko hitzordu bakarra. Arratsaldean abiatuko dira zine emanaldiak Antzoki Zaharrean eta mozorro lehiaketa ere izango da beldurrezkotik eta fantasiazkotik harago, ezohikotasunezko festaz janzten den gau berezi eta eroan.

«Nire neskalagunari ezkontzeko eskaera egiteko eraztuna erosi nion egun berean utzi ninduen». Prentsaurrekoa hasteko baliatu zituen hitzok atzo Alan Ssali Hofmains ekoizleak. 2011n hasi zen dena. «Wakaligara –Uganda– joan nintzen, bai bainekien 14 urte zeramatzatela han akziozko filmak egiten. Lagun batek 90 segundoko iraupena zuen trailer bat erakutsi zidan. 45.erako banekien hara joan behar nuela. Sarean ez nuen apenas informaziorik aurkitu, baina banekien benetako zerbait zela. Bi egun beranduago, hegazkin txartelik merkeena erosi nuen eta Nabwana I.G.G. zuzendariaren etxera joan nintzen. Atea jo nion eta zazpi orduz elkarrekin hizketan jardun ginen».

Alan Ssali Hofmainsek bazituen zinemarekin lotutako aurrekariak. Ekoizpenaren alorrean aritutakoa zen eta zinema jaialdi batzuk antolatuak zituen New Yorken. Baina Ugandako esperientziarekin ez zuen zerikusirik izango ordura arte bizitakoak. «Ezkontzekotan nintzenez, baina azkenean ezkondu ez nintzenez, diru apur bat baneukan eta lagundu nahi niola esan nion. Azkenean ‘Bad Black’ egin genuen. 65 dolarreko kostua izan zuen».

Wakaliwood delako zinemagintza Ugandako klase pobreenetan egiten den ekoizpen mota da. “Bad Black” –gaur ikusi ahal izango da 00.30etik aurrera Antzoki Zaharrean– 35. filma da, baina dagoeneko 52 egin dituzte. «Nabwana zuzendari autodidakta da. Erabiltzen duen odol guztia benetakoa da, ahuntzena edo behiena; berak sortzen ditu behar dituen ordenagailuak. Orain helikoptero bat egiten ari dira txatar puska zaharrekin».

Wakaliwood zinema Ugandako guettoetan aski baloratua dagoen sorkuntza da. Herrialdeko eliteek ez dute horrela ikusten, mespretxatu egiten dute, nazioartean indarkeriazko irudia ematen dela argudiatuta. Horregatik, bertan sortzen diren lanak nazioartean ikusaraztea lan zaila dela onartu zuen Ssail Hofmainsek. «Niri oso erraza iruditzen zitzaidan. Akziodun komediak dira, eta uste nuen lehenagotik nuen kontaktu zerrendaren bitartez kanpoan saltzea erraza izango zela. Baina ez da hala izan. Hasieratik zerrenda beltz batean jarri gintuzten». Filmok irabazi asmorik gabe egiten dira. «Parte hartu duen jendeari DVDak saltzeko aukera eskaintzen zaio. Askok hiru hilabeteko soldata lortzen dute».

«The Crucifixion»

Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema Asteak festa eguna izango du gaurkoa. Halloweenen aztarnari jarraituz, arratsaldean hasiko dira zine emanaldiak Antzoki Zaharrean “Shelter” eta “Les Affamés” lanekin. Gauean izango dira, ordea, hitzordurik garrantzitsuenak. Xavier Gensen “The Crucifixion” lanaren aurrestreinaldia izango da 22.30etik aurrera. Gensek benetako istorio batean oinarritu du bere azkenengo lan hau, moja errumaniar baten gurutziltzaketarekin amaitutako exorzismo baten auzian oinarritutakoa. Mozorro festa eta jai-giroa ziurtatuta izango dira urteko gaurik beldurgarriena den honetan. Sarrera guztiak agortuta daude.

Drakula eta 70eko aktoreak

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen baitan “Ink of Dracula-A Comic Tribute” eta “Mila garrasi gauean” erakusketak zabalik daude Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan eta Okendo Kultur Etxean, hurrenez hurren.

Lehenengoa beldurrezko zinemaren pertsonaia ikonikoetako bat den Drakula kondeari eskainitako erakusketa da. Hamasei artistak, pisu handikoak zein hasiberriak, komikian, ilustrazioan eta diseinuan dihardutenak, irudiak sortu dituzte pertsonaia mitikoan eta bere erotismo eta misterioan inspiratuta, Borja Cresporen koordinaziopean.

Bestalde, “Mila garrasi gauean” erakusketak 70eko hamarkadako Estatu espainoleko beldurrezko zinemako aktoreengana egiten du hurreraketa. Pedro Usabiagak egin ditu kasu honetan komisario lanak eta filmazioetako argazkiek, promoziorako irudiek eta garaiko eta ondorengo erretratuek osatzen dute erakusketa. GARA