GARA
ONDARROA

Literatur Amuak jaialdia abiatuko da bihar Ondarroan

Literatura ardatz hartuta, adin guztietarako proposamenak izango dira, baita herritarrek euren sormena garatzeko aukerak ere, bihartik igandera Ondarroan, Literatur Amuak jaialdian.

Agustin Zubikarai nobela sariaren irabazlearen izena bihar jakinaraziko dute. Epaimahaiko kideak Leire Bilbao, Ana Urkiza idazle ondarroarra eta Xabier Mendiguren dira. Iazko irabazle Katixa Agirreren lan saritua argitara eman da eta “Amek ez dute idazten” liburuaren aurkezpena egingo da.

Liburuen Amuak irakurle taldearen hitzordua ere izango da, ohi legez, hileko azken zapatuan: Anjel Lertxundiren “Zu” liburua jorratuko dute urriaren 28an, eta azaroaren 25ean Philippe Caludelen “Lihn jaunaren biloba”. Bestalde, nanoipuin lehiaketak zazpigarren edizioa du aurtengoa. «Ekimen honi esker gozatu ahal izango dugu zuzenean literaturaz dosi txikietan; izan ere, ipuin horren laburrak (140 karaktere besterik ez, Twitterren antzera) aukera ematen baitu jendaurrean irakurtzeko», nabarmendu dute antolatzaileek.

Egitarau zabala izango da herritar guztientzat irekia eta doan. Literatura oinarri izan arren, diziplina ezberdinentzako agertokia izango da egitaraua. Haurrentzat poesia lantzeko tailerra egingo dute bihar, 12.00etan, Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak kaleratu berri duten “Xomorropoemak eta Piztipoemak” poesia liburuetan oinarrituta, haurren zaletasun eta sormena sustatzeko.

Etzi Xixili errezitaldia aurkeztuko du Txakur Gorria kolektiboak. Nerea Ibarzabal bertsolari eta kazetariak, Mariñe Arbeo diseinatzaileak, Malen Amenabar ilustratzaileak eta Ane Labaka bertsolariak osatzen dute eta burutik jota zegoela esaten zioten emakume baten histeria errezitaldia aurkeztuko dute.

Ostiralean Harkaitz Cano idazlea Maite Arrotajauregi (Mursego) musikariarekin batera arituko da, “Porto” emanaldia aurkezten. Ardoaren gaia aitzakia hartuta, gure gaur egungo bizitzari egindako hurbilpen liriko umoretsua da. Azaroaren 4an Pello Añorgak ipuinak nola sortu tailerra emango du. Aurrez izena eman behar da Udalaren euskara sailean 946833668 telefonora deituz edo mrey@ondarroa.eus-era idatziz.

Azaroaren 5ean Uxue Alberdirekin gosaltzeko aukera izango da, eta bitartean “Jenisjoplin” bere nobela berria aurkeztuko digu; Ainhoa Agirreazaldegi bertsolaria izango du lagun.

Musikak paper berezia izango du asteburuan. Larunbatean Keu Agirretxeak Jon Gurrutxaga musikariarekin kontzertua emango du 22.30ean. Eta igandean Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu musikariak Gotzon Barandiaran idazlearekin batera zuzeneko emanaldia eskainiko du 19.00etan Kofradia Zaharrean.