Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

«Piztiyun gerra»

Manuel Lekuonak Oiartzunen jaso eta Barandiaranek argitara emandako ipuin horretan piztien arteko gerra kontatzen da. Gerra pizteko arrazoia zaldiak kakalardoa hanka azpian harrapatzea izan omen zen. Nolabait libratu zen eta azeritik beherako piztiak bilduta, gerra deklaratu zieten azeritik gorakoei. Batzuk mendi batean eta besteak beste batean, elkarri zelatan ari ziren. Handiek azeria bidali omen zuten espioi, kontrarioak zertan ziren, zenbat eta halakoak jakin asmoz. Espioi txarra, ordea, berehala ikusi baitzuten txikiek. Hasi zaizkio erleak eta eltxoak alde guztietatik ziztaka azeria saltaka zetorren lekura bidaliz. Orduan, bere lagunek galdetu ziotenean, piztiak erantzun: «Mutilak! Txikiak baina bai bizkorrak!». Eta hor amaitu zen gerra.

Nahualt kulturan kontatzen dute animalia handien eta eztenak zituzten intsektuen artean gerra piztu zela. Zezenak, astoak, pumak-eta prestatu ziren gudarako. Lau hankadunek garaile ikusten zuten euren burua, euren indarraz harro. Intsektuek, ordea, plan bat zuten. Heldu zen, bada, guda eguna, eta txikiek beren plana jarri zuten martxan. Handiei isatsa hasten den leku azpian ziztatzen hasi ziren, arrapaladan ihes eginaraziz. Halaxe irabazi zuten txikiek, euren bizkortasunari esker.

Kontu zaharretan animaliak pertsonen proiekzioak dira; gauza jakina da hori. Abiadura eta grina handiko aste hauek gogoan, etorri zaizkit burura ipuin hauek. Handi harroen aurrean, bizkorrak izan behar dugu txikiok. I anirem endavant tots plegats.