A.K.
donostia

Adintasun emozionala

«Eskularru beltzak» saileko bigarren alea da «Casting-a», Jasone Osorok gazte literaturara egindako hurbilketa. Pertsonaien abaniko zabala oinarri hartuta, nerabeen emozioetara, borroketara eta abenturetara iristen saiatu da idazle elgoibartarra.

“Eskularru beltzak” saileko lehen alea ekainean argitaratu zuen Elkarrek, sailaren izenburu berarekin. Jasone Osororen lumaz eta Joseviskyren irudiekin egituratutako obrak, baina, bilduma edo sail izaera du, eta bigarren alea ere, “Casting-a”, kalean da jada. Aurrekoan bezala, Beire, Lete, Kar, Baba, Linda eta Beyonce pertsonaien bueltan eraikitako istorioak dira eleberriaren osagai nagusiak, nahiz bigarren auzi honetan izaera are biziagoa izango duten. Lehenengo alea amaitzen zen hariari helduko dio bigarren lanak bere hastapenetan, baina mutur desberdinetara barreiatuko da, betiere emozioen, borroken eta abenturen baitan katigatuta.

Gazteek dituzten sentimenduetara egindako hurreratzean, haien emozioak helduenen berberak direla defendatzen du idazle elgoibartarrak. «Beire pertsonaiaren minetik abiatzen da historia. 16-17 urterekin gazteek zeloak, inbidia, maitasuna, amorrua, ilusioak, ametsak... dituzte, helduen berdinak direnak. Eta aldarrikatu nahi nuke, gazteek bizi duten aro digital honetan, paperean eta eskuz idazteak duen boterea sentimenduak adierazterako orduan». Boxeoaren irudian zizelkatu ditu gogoetatako asko, boxeoa praktikoki adierazita –«benetazko boxeo borroka bat dago»–, baina baita bere sinbologia erabilita ere –«bizitza, ring batean bezala, batzuetan irabazi eta besteetan galdu egiten den eremua da»– Historiaren hari nagusia, ordea, herrian egiten den casting bat izango da, telesail batean parte hartzeko antolatu dena. «Gaur egun badago famarekiko lilura bat, eta badirudi modu errazean lor daitekeela. Hor bizi gara, hori da inguratzen gaituena eta uste dut hori kontatu egin behar dela». Osorok, bere gaztaroko erreferentzia asko erabili baditu ere, gaur egungo gazteen ohituretara moldatzea ezinbesteko jo du. «Nahi eta nahi ez, gazteentzako literatura da hau, eta harrapatu egin nahi ditut. Haiek harrapatzeko beren ohituretara gerturatu behar da».

Idazleak “Eskularru beltzak” saileko bigarren alea du “Casting-a”, 16-17 urteko protagonistekin osatua, eta bilduma osoan adin berbera izaten jarraituko dutela iragarri zuen. «Ez ditut haziko. Gaztetan komiki asko irakurtzen nituen eta haiek ere ez ziren zahartzen. Horri eutsi nahi diot».