GARA
AZPEITIA

Azpeitiko topaketak euskarazko uztaren erakustoki

Azaroaren 26ra bitarte, Euskal Antzerki Topaketen 35. edizioa egingo da Azpeitian. Euskal Herrian egiten den euskara hutsezko antzerkigintzaren hitzordu bakarrean, dozena bat ikuskizunetik gora eskainiko dira aurten. Ia hilabetez luzatuko den hitzorduko lehenengo emanaldia bihar bertan izango da, «Miss Karaoke», 21.30ean, Soreasu kulturgunean.

Euskal antzerkigintzako eragile ugariren elkarlanaren ondotik egingo dira aurten hogeita hamabosgarrenez Euskal Antzerki Topaketak Azpeitian. Hitzordu «beharrezkoa» topaketok hauspotzen dituztenen arabera, euskara hutsean egiten diren bakarrak baitira.

Hiru hamarkada eta erdiko langa gainditzear dira topaketok, baina bidea ez da erraza izan, batez ere azken urteotan. «Herri txikia gara, aurrekontu handia dute topaketek eta zailtasun handiak izan ditugu, batez ere krisi garaian», onartu zuen Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak topaketen aurkezpenean. Azken urteetan Lakuako Gobernuak topaketei eman izan dien laguntzarik ez du jaso Udalak, eta aurtengoan ere ez du jasoko. «Nolanahi ere, Azpeitiko Udalak topaketak mantentzeko ahalegina egin du. Guk antzerkiaren aldeko apustua egiten dugu. Ez zaigu justua iruditzen horrelako ekimen bati guk soilik eutsi beharra, baina konpromiso osoa dugu topaketei eutsi eta euskal antzerkigintzaren alde lanean jarraitzeko».

Topaketez harago, Azpeitian abian dira antzerkiari lotutako beste hainbat proiektu ere. «Topaketetan bukaerako emaitza ikusten da, baina sormen lan handia dute atzetik antzezlanek. Azken hiruzpalau urteotan Kulturaz Kooperatiba sormen prozesu horiei balioa ematen ari da, prozesuok laguntzen», nabarmendu zuen Kulturaz Kooperatibako kide Aitor Bengoetxeak. Horren erakusle, aurtengo maiatzean Azpeitian egoitza programan parte hartu zuen “Heriotza bikoitza” obra topaketetan ikusgai izan da. Egoitza programari esker, obren sormen prozesua ikastetxeetako ikasleekin eta herritarrekin elkarbanatzeko saioak ere izaten dituzte.

Oier Guillan eta Xabier Ziarrustak Azpeitiko topaketen beharraz ohartarazi zuten. «Durangon Liburu eta Disko Azoka egiten da. Eta Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak Euskal Herriko antzerkigintzaren azoka dira. Erreferentzia dira: aurtengo programazioa goi mailakoa, ausarta eta anitza da».

Ziarrusta topaketetako bi lanetan partaide da, formatu txikiko “Bihotz salataria” eta “Miss Karaoke” obretan aktore lanak egiten baititu. Hain zuzen, azken horrek zabalduko du egitaraua, bihar, 21.30ean, Soreasun. Larunbatean “Ez dok hiru” eskainiko du Tartean Teatroa konpainiak leku eta ordu berean, eta, igandean, 17.00etan, Txalo Produkzioak-ek “Mendi tontorrean” obra taularatuko du.

Azaroaren 26ra bitarte hainbat emanaldi izango dira Azpeitian: “Erbeste edo saihets baten aldarrikapenak” (hilak 9an), “Hau da nire ametsen kolorea” (hilak 10ean), “Etxeko saltsak” (hilak 11n), “Azken itzulia” eta “Plisti Plasta” (hilak 12an), “Heriotza bikoitza” (hilak 17an), “Hysteria” (hilak 18an), “Lunaticus Circus” (hilak 19an), “Hozkailua” (hilak 23an) eta “Bihotz salataria” (hilak 24an).

Azaroaren 26an, igandez, emango zaie amaiera Euskal Antzerki Topaketei. Zehazki, 18.00etan, Soreasu antzokian, Aukeran Dantza Taldearen “Maurizia” ikuskizunarekin.