Maider IANTZI
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA: IRUN

PUNTU ETA PUNTA, MAIALEN LUJANBIO SASOI EDERREAN, 750ERAINO AILEGATUZ

BERO, ONGI PASA ETA TXALO JOTZEKO GOGOZ HARTU ZITUEN IRUNGO ARTALEKUK HITZEN SEI MAKINA APARTA. ETA BEHIN ETA BERRIZ KISKALI ZIREN ESKUAK ZARTA ETA ZARTA, BEREZIKI MAIALEN LUJANBIO ETA AITOR SARRIEGIREKIN.

Sarrerak agortuta, 2.260 entzule elkartu ziren Irungo Artaleku kiroldegian. Ikusmin handia zegoen bigarren finalaurreko honen inguruan eta publikoa aseta gelditu zen, nahiz eta bertsolarien artean alde handia egon. Lehenak, Maialen Lujanbiok, 750 puntu eskuratu zituen, eta, azkenak, Aimar Karrikak, 605. Bigarrenak, Aitor Sarriegik ere trebe egin zuen jauzi 700 puntuen langatik goiti. Unai Agirre ongi ibili zen; aldiz, Alaia Martinek ez zuen bere eguna izan, nahiz eta kartzelan ederki ibili.

Maddalen Arzallusek hagitz doinu eta hitz politak oparitu zizkigun. Azken agurrean, jendea bero-bero jarri zuen Doraemonen doinuan hala abestuz: «(...) Carles Puigdemont magoa ere bada/ bai, egia da hori/ ron pon-pon gora ta gora beti Carles Puigdemont/ gurea bukatu da eta hor konpon/ zorte on denei Maulen eta Durangon».

Kartzelako gaia ez zitzaigun aitzineko saioetan bezain irekia iruditu: «Dena ondo zihoan, argia piztu den arte». Ohea irudikatu zuten bertsolari guztiek, sexu eszenak denek Unai Agirrek izan ezik, baina norberak bere puntak eman zizkion kontakizunari, hagitz desberdinak. Lujanbiok hemen jaso zituen puntu eta txalo gehien, hainbertze bigarren bertsoaren bukaera ia ez genuela aditu.

Hona hernaniarraren hiru bertsoak: «Trago bat eta beste trago bat gure kaleetan barrena/ ta piztea da alkoholak eta sexu grinak dakarrena/ zure etxera nere etxera betiko gauzak aurrena/ zure logelan sartu gera ta hara hemen ondorena/ argia zegon itzalita ta bertan biluztu naiz dena/ ta bat-batean piztu egin da argi txiki xumeena/ nere gerrira begira zaude ez naiz uste zenuena».

«Estali arte izan dugunak nahiko irri nahiko broma/ ahorik aho pasa dugunak gin-tonic barruko horma/ bular parea zut neukan eta zuk eman didazu forma/ galtza estuak nebilzkin arren ez takoi eta ez gona/ hau ta hura naiz hartzen ari naiz zenbait botika hormona/ gizona eta andrea nauzu ez andrea ez gizona/ nere inon ez egon nahia ote da zure ezinegona». Eta hala borobildu zuen: «Itzali zazu argia eta utzi azalari ikusten».

Sarriegiren kartzela ere aunitz eskertu zuten entzuleek. Umoretsu aritu zen beasaindarra. Hona bigarrena eta hirugarrena: «Bapatean baztertu det planean neukan gaupasa/ ta nere baitan pentsatzen ere hasi naiz nere kasa/ batzuetan ligatzea ez da izaten erraza/ eta gaurko honek dauka oso gutxitako traza/ arropak kendu ditugu berotu zaigu arnasa/ maindirepean sarturik bizkortu dugu konpasa/ pentsatzen ari nintzela hau izango da demasa/ argia piztu dute ta eten digute jolasa».

«Ta atean noski ama ezin zen izan bestela/ ezerezean geratu zaigu ahalegin ustela/ horrelakoetan nola sentitzen den bat txepela/ nik uste nuen builaka bertantxe hasiko zela/ ta bapatean esan dit inoiz entzun ez bezela/ gaur sorpresarik ez Aitor gauzak behar dik horrela/ eta esan dit kondoiak mesanotxean daudela/ gazteak zarete eta gozatu dezazuela».

Agirre eta Karrika, bizi-bizi

Ofizioetan sartuta, Aimar Karrikak eta Unai Agirrek irri algaraka jarri gintuzten zortziko txikian. Aimar bazkaltzera joan da Unairen jatetxera. Ekarritakoa ona ez zegoela-eta kexatu egin da. Unaik arazorik gabe ekarri dio beste bat. Baina bi platerak kobratu dizkio.

Primeran ekin zion nafarrak: «Lehenik pasatu samar zen zure txistorra/ ta bigarrena ere ai nahiko gogorra/ faktura ikusita ohartu naiz horra/ txistorra zinez dela errepikakorra». Eta gipuzkoarrak ederra bota zion: «Gazte jende honekin hamaika endredo/ barrua eraman nahi du etxera bero/ ni tontua naizenik ez zak hik espero/ txarra dago esan dek bukatu ta gero».

Lastima izan zen Alaia Martinek berea ezin eman izatea, erranen genuke zortziko handiko gaiarekin ez zuela asmatu, eta, saio osoan puntu politak utzi arren, kartzelara arte ez zuela libre igeri egin. Hona lehena: «Ohean biluztu nahian askatu dit kremailera/ azala pororik poro eta ileraz ilera/ kolpean bilakatu zait izerdiaren bainera/ xuabe goxo ta kariñoz igo da nire gainera/ malgukiak entzun ditut orain gora orain behera/ plazer betez hankatxo bat izarapetik atera/ zoragarria izan da ongi joan da plazera/ larrua eta barrua jo baitizkiot batera».

Arzallusek gogoetarako baliatu zuen ariketa: «Eskutik heldu ta goxo-goxo sartu gara logelara/ kortina denak itxi ditugu itzali dugu lanpara/ biok batera hurbildu gara ohe maindireetara/ ongi badakit sexu kontua gozatzeko egina da/ orain artean aritu gara laztan muxu ta algara/ baina argiak pizterakoan zergatik lotsatzen gara?».