GARA
BILBO

Talentua ardatz, 150 dibulgazio ekintzatik gora Zientzia Astean

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen hamazazpigarren edizioak atzo ekin zion bideari, Bilboko Euskalduna jauregian. Talentua eta zientzia-bokazio berriak sustatu zituzten, eta azken hamarkadan zientzia ekoizpena hiru aldiz handitu dela nabarmendu zuten.

Innobasquek antolatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen barruan, hainbat dibulgazio jardueraz gozatzeko aukera dago atzotik Bilbon. 150 ekintza baino gehiago guztira. Talentua eta zientzia-bokazio berriak sustatzea hartu dituzte ardatz, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluak identifikatutako erronka bat baita.

Lehen egunean mahai-inguruan bildu ziren Ikerbasqueko Zientziarako Euskal Fundazioko zuzendari zientifiko Fernando Cossio, EHUko eta PIE-Plentzia Marine Stationeko ikertzaile Iciar Martinez, Irisbondeko sortzaile eta zuzendari nagusi Eduardo Jauregi, ABB Españako Negozio Garapenaren arduradun Jordi Artigas, Kataluniako Generalitateko Hezkuntza saileko ordezkari Angel Domingo eta Innobasqueko proiektu arduradun Estibaliz Leon.

Cossiok azpimarratu zuenez, azken hamarkadan zientzia-ekoizpena hiru aldiz handitu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Zientzia komunitatearen talentuari esker, 5.000 artikulu baino gehiago argitaratu eta 120 milioi euro baino gehiago lortu dira ikerketa proiektuetarako. Zientzia talentuaren garapenean honako hiru eremu hauen garrantzia azpimarratu da: ongi orekatuz talentua biltzea, atzerrira joandakoa itzul dadin lortzea eta hemen atxikitzea.

Bestalde, Martinezek azaldu zuen nolakoa den honelako karrera baten garapena, genero-ikuspegia emanez. Ondoren, lantzen ari diren proiektuan pertsona-robot interakzioak talentua garatzeko dituen aukerak aztertu zituzten Jauregik eta Artigasek.

Azkenik, Leonek eta Domingok Steam hezkuntzaz hitz egin zuten; zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematiken akronimoa da Steam, ingelesezko siglen arabera. Hezkuntza ikasteko eredu gisa definitu zuen Leonek. Bertan bost jakintza-arloak era integratuan lantzen dira, ikuspegi interdisziplinar eta aplikatuarekin, eta ez bakoitza bere aldetik. Hala, gazteek berrikuntzari buruzko gaitasunak gara ditzakete, aparte utzita zientzia eta teknika arloko lanbideren batera joko duten edo ez.

Domingok agertu zuenez, SteamCat Planak, Kataluniako Gobernuko Lehendakaritza sailak sustaturik aurtengo ikasturtean indarrean sartu denak, jendearen kultura teknologikoa eta zientzia eta teknologiaren pertzepzioa hobetzea bilatzen du, ongizatean duen eragina jendartean ezagutaraziz.