GARA
RABAT

Gutxienez 15 pertsona hil dira Marokon jende olde baten ondorioz

Gutxienez 15 pertsona hil ziren atzo Marokon, elikagaien banaketa batean jazotako jende oldean. Beste bost zauritu erregistratu zituzten; horietatik bi zauri larriekin Marrakexeko unibertsitate ospitalera eraman zituzten, Afrika iparraldeko herrialdeko Barne Ministerioak jakinarazi zuenez.

Gertakaria Sidi Bulilam herrian jazo zen, Esauira probintzian, Rabatetik 600 kilometro hegoaldera eta Casablancatik 150 kilometro mendebaldera dagoen udalerrian. Asteroko azoka zuten bertan atzo, eta biltegi batean elikagaiak banatzen hasi zirenean, 800 pertsona inguru hurbildu ziren arrapaladan, eta horrek jende oldea eragin zuen. “Le360” hedabide marokoarrak adierazitakoaren arabera, jaki banaketa bertako gizon batek antolatu zuen, familia behartsuenei laguntzeko asmoz.

Komunikabide berberak zehaztu zuen bertaratu zirenetako gehienak emakumeak zirela. Tartean haurrak eta agureak zeudela argitzen dute tokiko hainbat hedabidek.

Ministerioak ohartarazi zuen ikerketa judizial bat abiatu duela, fiskaltzaren begiradapean, gertakizunaren arrazoiak eta erantzuleak zeintzuk diren argitzeko.

Erregearen adierazpena

Ezbeharraren harira, Marokoko informazio agentziak hedatu zuenez, Mohamed VI.a erregeak beharrezko neurriak hartzeko agindu die eskumena duten agintari guztiei, biktima eta zaurituen senideei laguntza egokiena eskaini ahal izateko. Era berean, erregeak hileta guztien gastuak bere gain hartuko dituela nabarmentzen zuen iturri berberak.