23/11/2017

Herejeen garaikidetasuna

Joseba Sarrionandiak 1983an «Narrazioak» lanean argitaratu zuen «Kristalezko bihotza» ipuinari hari gehiago erantsi dizkio Ander Berrojalbizek, Durangoko herejeen historiari tiraka. Igandean irakurraldi dramatizatua egingo da Tabakaleran.

Ariane KAMIO|DONOSTIA
1123_kul_hereje

Joseba Sarrionandiak (Iurreta, 1958) Puerto de Santa Mariako espetxean zela idatzi zuen 80ko hamarkadan “Kristalezko bihotza” ipuina –“Narrazioak” bilduman argitaratua 1983an–, XV. menderainoko bidaia, Durangoko herejeengana egindako hurreraketa historikoa. Sarrionandiaren kontakizunean, fraile bat Orreagatik Durangorantz abiatzen da eta, hara helduta, biharamunean hamabi hereje erreko dituztela jakingo du. Haur bat izango da horien artean: herejeen alaba.

Idazle iurretarrak egindako kontakizun hori du abiapuntu orain Ander Berrojalbizek (Durango, 1983) osatu duen “Herejeen alaba” liburuak. “Kristalezko bihotza”-k XV. mendeko Durangori begiratu zion; Erdi Aroko literatura espetxeko «denbora hutsetik» bizi eta fikzionatu zuen duela hiru hamarkada Sarrionandiak. Berrojalbizek garai hartara jo du era berean, baina istorioari hari gehiago erantsi dizkio ikerketa historiko bat egin ondoren. Alemaniako Kolonian jarri du abiapuntua XII. mendean eta herejeen auziari garaikidetasuna erantsi dio.

XV. mendean talde heretiko bat sortu zen Durangon, «penintsulako handiena», Berrojalbizen arabera, eta errepresio gogorra jasan zuten kideetako askok. 1440. eta 1500. urteen artean 80 lagun baino gehiago bizirik erre zituzten eta denbora epe horretan beste asko hil ere bai.

Ander Berrojalbizek, goi mailako musika ikasketak egiten ari zela, Historiakoak abiatu zituen, baina ez zuen haiek amaitzeko aukerarik izan. Nolanahi ere, historiarekiko jakin-mina betitik izan du, batez ere Durangoko herejeei dagokiena. Bere ikerketetan lehenengo mugarria ezarri zuen “Los herejes de Anboto” lanarekin eta bigarrena orain ezarri du Joseba Sarrionandiarekin batera egindako “Herejeen alabarekin” (Pamiela).

Proposamen berri horretan Sarrionandiaren «historiaren historia» idatzi du durangarrak. «Sarrionandiarena fikzioa da, baina XV. mendeko iturri batean oinarritutakoa. Iturri horrek ez ditu zuzenean Durangoko herejeak aipatzen, Burgoskoak baizik. Baina aurkikuntza bat egin nuen ikertzen ari nintzela. Iturri hori apokrifoa da eta Kolonian XII. mendean gertatutako historia batekin du lotura».

“Herejeen alaba”-k, beraz, 80ko hamarkadan Joseba Sarrionandiak iturri hori oinarri hartuta idatzitako ipuina biltzen du batetik, eta Ander Berrojalbizek osatutakoa, bestetik. Beraz, kontakizun berriak Kolonian du abiapuntua, 1163. urtean, eta XX. mendean amaiera. «Testua lotuta dago emakumeen irudiarekin, nola erabiltzen ziren haiek ideia politiko eta moralak agertzeko. Horrek oso garaikide bihurtzen du testua, gaur egun oso egunean dagoelako emakumeen irudiaren bitartez ideologiak zabaltzea».

Tabakalerarekin batera

Ikerketa lan berri hori datorren igandean aurkeztuko da Donostiako Tabakaleran, arratsaldeko seietatik aurrera. Ekitaldiak bi zati izango ditu; lehena, irakurraldi dramatizatua Ander Lipusekin eta Berrojalbiz (arrabita) eta Maider Lopezen (biola) musikaz lagunduta. Bigarren zatian bere ikerketari buruzko xehetasunak azaltzeko hitzaldia eskainiko du. Sarrera doakoa izango da. Bigarren aurkezpen bat ere egingo da, abenduaren 29an, Durangoko Gurutze Santu museoan.

Tabakaleraren “Kearen politikak” programaren emaitza da “Herejeen alaba” argitalpena. Arnas luzeko proiektu honetan, gure artean ez dauden zenbait egileren hitzaldiak berreskuratu dira, artista, antropologo, arte historialari eta idazleen begiradaren bidez.

“Bizigarriak: Zirkulazioa eta Euforia” proiektuaren barruan “Kearen politikak” izeneko atala 2016 eta 2017an aurkeztu da, eta argitalpen eta ekitaldi horrekin biribilduko da bi urteko programazioa. Ekimen horretan hainbat artistak parte hartu dute denbora horretan: David Foster Wallace, Albert Hormann, Karl Kraus, Jose Marti, Aby Warburg, Simone Weil eta Maria Zambrano, Xabier Arakistain, Gema Intxausti, Josebe Martinez, Asier Mendizabal, Danele Sarriugarte, Valentin Roma eta Esteban Zamoraren eskutik. Olatz Gonzalez Abrisketa antropologo eta EHUko Gizarte Antropologiako irakaslearekin elkarlanean egin da proiektu hau.

ITURRI BERRIAK


«Sarrionandiarena fikzioa da, baina XV. mendeko iturri batean oinarritutakoa. Iturri horrek ez ditu zuzenean Durangoko herejeak aipatzen, Burgoskoak baizik. Baina aurkikuntza bat egin nuen ikertzen ari nintzela. Iturri hori apokrifoa da eta Kolonian XII. mendean gertatutako historia batekin du lotura».

 

EKITALDIA


Ikerketa lan berri hori datorren igandean aurkeztuko da Donostiako Tabakaleran, 18.00etatik aurrera, Ander Lipusekin, eta Berrojalbiz (arrabita) eta Maider Lopezen (biola) musikaz lagunduta.