05/12/2017

Bizitza bat baino gehiago

Sergei Dovlatov idazle errusiarrak 80ko hamarkadan idatzi zuen bere azken lana. «Filiala» euskarara ekarri dute orain Amaia Apalauzak eta Aroa Uhartek, Los Ángeles eta Leningrad artean saltoka doan kontakizun errealista, immigrazioa eta maitasuna ardatz.

A.K.|DONOSTIA
1205_kul_filiala

Bizitza eta literatura bide berean jarri zituen Sergei Dovlatoven (1941-1990) “Filiala” itzuli du Katakrak argitaletxeak, euskarara ekartzen den autore errusiarraren hirugarren lana (“Konpromisoa”, 2008; “Maleta”, 2014). Bere bizitza jarri zuen sortu zituen narrazioen oinarrian, kontakizun errealistak osatuz, ironiaz beteak, umore zorrotz batekin jantzitakoak.

Ufa hirian sortu zen 1941ean, baina gaztetik izan zuen Leningrad bizileku. Hain zuzen, bertan bizitakoak nobela batean baino gehiagotan txertatu izan zituen. Eta “Filiala” ez da salbuespen. Bi plano desberdinetan doazen bi kontakizun nahasten ditu Amaia Apalauzak eta Aroa Uhartek itzuli duten lanean. Gaztetako maitasun istorioa, batetik, eta Los Angelesen ospatzen den sinposio bat, bestetik. 60ko hamarkadatik 80koraino luzatzen den narrazio epea.

Gazte zela lan esparru batera joan zen lanera, zaindari gisa, eta Leningradera itzuli zenean Kazetaritza ikasketak egin zituen. Bide horrek Tallinnera eraman zuen kazetari gisa aritzera. Urte haiek oinarri hartuta idatzi zuen “Konpromisoa”. Berriro Leningradera bueltan, Puxkin Parkeko gida izan zen eta hango bizipenekin osatu zuen “Parkea” eleberria.

Sobietar garai berantiarretan, AEBetara alde egin zuen bere familiak. Amak eta emazteak lehenengo. Sobietar Batasunak estu hartu zuen Dovlatov eta bere lanak debekatu zituen. Hori ekiditeko, sare klandestino bat sortu zuten. Berak ez zuen Leningrad atzean utzi nahi, baina azkenean amore eman eta ozeanoaren bestalderako bidea hartu behar izan zuen. Kazetari lanetan jardun zuen han ere, eta bertan girotua da “Filiala” nobelako bigarren istorioa. Los Angelesen errusiar etorkinek egiten duten sinposio baten kronika, 1981ean gertatutakoa. Dovlatovek garai hartako kronika historikoa egiten du bere bizipenak oinarrian jarrita. Eta umorez egiten du, gainera. «Umore absurdoa, ironikoa, ziztakaria guztiz», aipatu zuen atzo Apalauzak. «Bere helburua idazle atsegina izatea zen».

Idazketa zehatzaz osatu zituen Dovlatovek bere lanak. «Aforistikoa zen, esaldi motzak erabiltzen zituen, baina horrek ez du esan nahi sinpleak direnik. Dena oso ondo pentsatua zuen, ez dago koma bakar bat soberan. Pasarteka idazten du, fragmentatuta, baina dena oso ongi kateatuta dago».

Dovlatovi ahozkotasunezko balioa erantsi izan zaio literaturaren munduan. «Oso ona zen ahozko istorioak kontatzen. Edozein komentariotatik ateratzen du aipamen dibertigarri bat. Ahozkotasunaren oihartzuna oso nabarmena da bere literaturan».

Apalauzak eta Uhartek Miquel Cabal Guarrok katalanera egin zuen itzulpena erabili dute lanabes Dovlatov euskarara ekartzerako orduan, baita errusiarrez egindako edizio kritiko bat ere. Hain zuzen, Cabalek berak egin du “Filiala”-ren hitzaurrea.

Itzulpenari osagarri batzuk atxiki dizkiote Apalauzak eta Uhartek. Dovlatovek hainbat pertsonaia eta gertakari historiko erabiltzen ditu bere lanetan, baita “Filiala” eleberrian ere. Haiek kokatzeko eta azalpen argigarri moduan oharrak erantsi dituzte itzultzaileek.