M.U.
BAIONA

Agur hunkigarria egin diete Baionatik bidali dituzten errefuxiatuei

Azkeneko hiru hilabeteetan Baionako harrera zentroan izan diren 25 errefuxiatuetatik 21 Paueko epaitegira bidali zituzten atzo. Beraien asilo eskaerak errefusatu ostean, Bearnoko zentro batera lekualdatuko dituzte, Dublingo protokoloa aplikatuz Italiara bueltan bidali aurretik. Azkeneko herrialde horretatik jatorrizko herrietara bidaltzeko arriskua dutela salatu du Etorkinekin kolektiboak.

Herritar horiek pairatzen duten egoera eta oro har pertsona migranteen aurkako politika salatzeko xedez kolektiboak elkarretaratzea egin zuen atzo eguerdian, tren geltokian.

Aipatu kolektiboaz gain, beste elkarte anitzek babestu zuten deialdia. Besteak beste, LAB sindikatua, Aitzina gazte antolakundea, Cimade eta Les Bascos elkarteak, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako dozenaka kide bertaratu ziren.

Une hunkigarriak bizi izan zituzten geltokiaren atarian, errefuxiatuak txalo artean hartu zituztenean. Herritar horiek trena hartu aitzin, berriz, ohorezko aurreskua dantzatu zieten. Geltokiaren barruan, hainbat lagunek errailetara jauzi egin zuten handik gutxira trenez urrundu ziren lagunak Baionan behar zutela izan aldarrikatzeko.

Era berean, Bruselak zein Parisek agintzen dituzten «lege krudel eta bidegabeak» salatu nahi izan zituzten trenbidearen blokeo sinboliko horren bidez.

Elkartasun ekimen horrekin biziki hunkituta, iheslariek esker oneko keinuak banatu zituzten, bertan bildutako lagunei agur esanez arabieraz, frantsesez eta baita euskaraz ere.