GARA
ERRENTERIA

Santanderri legea betearazteko eta Josune eta bere alaba babesteko ekintza

Josune eta bere alaba adingabea babesteko bildu ziren atzo Errenteriako Udaleko EH Bildu, PSE eta Irabaziko zinegotziak, PSE, Podemos eta koalizio subiranistako batzarkideak, baita LAB, ESK, Steilas, Duintasuna eta herritar arruntak ere. «Santander bankua legea betetzera behartzea» zuten xede.

“Guindos dekretua” (bankuen jarduera egokien kodea) errespetatzeko exijitu zioten: «30 euroko kuota murriztuan bost urteko karentzia sinatzea, abusuzko klausularik gabe». Izan ere, azaldu zutenez, beste makina bat familiak bezala, Josunek ezin zuen bere hipoteka ordaindu. Urteak dira Errenteriako Udalaren larrialdi sozialetako 210 euroko laguntza jasotzen duela zor horri aurre egiteko.

«Josunek, kale gorrian geratu zenetik, bost urterako karentzia edo gabealdi hori izateko eskubidea zuen, 30 euro ordaintzeko eskubidea, 772 euroen ordez. Laguntza soziala jaso behar ez izateko eskubidea zuen, duintasunez bizitzekoa», baina, salatu zutenez, bankuak, egoeraren jakitun, ez zion gabealdirako zuen eskubidearen berri eman, legeak horretara behartu arren.

Kaleratzeak Stop plataformak ez zuen Santander informazio hori ezkutatzeagatik soilik kritikatu. «Hori gutxi balitz bezala, abusuzko klausulak zituen beste mailegu baten dokumentua aurkeztu zioten Josuneri». Plataformak dei egin zion Errenteriako Udalari Santander gabealdi hori sinatzera bultza dezan, «Josuneren oinazea arintzeko».