Ion Salgado
GASTEIZ
Entrevista
GARAZI ATXA, HAIZEA BURUAGA ETA AITOR BARRIOCANAL
GASTEIZKO GAZTETXEKO KIDEAK

«30 urte daramatza Gaztetxeak eta erreferente bilakatu da»

Elkarrizketa honetan parte hartzen duten gazteak Gasteizko Gaztetxeko kideak dira. Aurtengoa urte berezia da haientzat, izan ere, muinoko etxeak 30 urte beteko ditu apirilean. Iragarri dutenez, urtemuga ospatzeko ekitaldi nagusia urrian burutuko dute, «Okupatu Gasteiz» leloarekin.

Aurten 30 urte beteko duen etxe autogestionatu baten kideak zarete. Zer suposatu du zuentzako Gasteizko Gaztetxearen asanbladan parte hartzeak?

Garazi Atxa: Ni duela bost urte sartu nintzen Gazte Asanbladan, 25. urtemuga ospatu zenean, urte horretan dokumentala egin genuen. Niretzat azken urte hauetako ibilbidea ikasketa prozesu bat izan da, ikasketa pertsonala, baita militante bezala ere. Hainbat gauza ikasten dituzu eta militantziaren esparru ezberdinak ezagutzen dituzu. Halaber, ekintza ezberdinak egiten dituzu, komisioak, jaialdiak... Ikaskizun prozesu anitza da.

Militantzia aipatu duzu, zergatik erabaki zenuten Gaztetxearen asanbladan parte hartzea?

Aitor Barriocanal: Nire kasuan, adibidez, aukera bat ikusten nuelako sartu nintzen, gauzak egiteko gogoa nuen eta jendea ezagutzen nuen.

Haizea Buruaga: Ni aurten hasi naiz. Orain arte parte hartu izan dut Gasteizko Gaztetxean, baina herritar moduan, ez militante bezala. Sartzeko gogoa nuen, eta, Garazik esan duen bezala, ikasketa prozesu bat dela ikusi dut. Indar asko jarri behar dituzu eta esfortzu handia da, baina merezi du gero, pertsonalki.

Autogestioaren erreferente bilakatu da Gasteizko Gaztetxea, eta Alde Zaharreko muinoan dagoen etxeak herri mugimenduen babesa dauka.

A.B.: Bai, guk kolektibo askoren babesa eta herritarren babesa daukagu. Izan ere, 30 urte daramatza Gaztetxeak, eta Gasteizen erreferente indartsua da, okupazioan eta autogestioan.

Zer eskaintzen die Gaztetxeak gasteiztarrei, batez ere Alde Zaharreko auzokideei?

G.A.: Espazio libre bat da, eta beste leku batzuetan egin ezin diren gauzak hemen egin ahal dira. Kolektiboek bilerak egin ahal dituzte, proiektuen aurkezpenak egin ahal dira... Espazio libre batek eman dezakeen guztia eskaintzen du Gaztetxeak. Halaber, tailerrak antolatzen dira: txalaparta tailerrak, euskara tailerrak, gaztelania tailerra etorkinentzat. Eta Gaztetxeak materialak ere eskaintzen dizkie kolektiboei. Elkar truke bat dago guztien artean.

H.B.: Bizirik dago, jendeak erabili egiten du Gaztetxea. Ez bakarrik larunbatetan. Beti dago aprobetxatzen duen norbait.

Aurtengoa urte berezia da. 30. urteurrena. Zer egingo duzue urtemuga ospatzeko? Ezer berezirik?

H.B: Aurten, Gaztetxeak 30 urte betetzen ditu, Hala Bedi Irratiak 35, Auzolana Frontoiak hamar urte eta Errekaleorrek bost. Horregatik, urtean zehar dinamika ezberdinak egingo ditugu eta guztiok batera egun bat antolatuko dugu, urriaren 6an, “Okupatu Gasteiz” leloarekin.

G.A.: Hala erakutsi nahi dugu bizirik gaudela, elkarlana eta elkarzaintza dagoela, eta kolektibo ezberdinen artean sare bat egiten dugula ere eta indarra dagoela. Hemen gaudela eta hemen jarraituko dugula proiektu autogestionatu guztiek.

Okupatu Gasteiz egun horren zehaztasunak iragar ditzakezue?

A.B.: Oraingoz ez. Hori izango da amaieran egingo dugun ekitaldia. Berez, Gaztetxearen urteurrena apirilean da, Errekaleorrena ekainean eta Hala Bedirena abuztuan. Okupatu Gasteiz denon artean urtea amaitzeko egingo dugun egun berezia da. Urtean zehar dinamika ezberdinak egingo ditugu.

H.A.: Kolektibo ezberdinekin hilabete bakoitzean gai bat lantzea proposatu dugu. Urtarrila ekologismoaren hilabetea da, otsaila gazte mugimenduarena izango da, martxoa feminismoarena, apirila okupazioarena, maiatza presoena, ekaina auzoarena eta uztaila hilabete internazionalista izango da.

30 urte hauetan jende askok parte hartu du Gaztetxearen asanbladan. Zein izango da beteranoen rola?

H.B.: Abenduaren 30ean urtemuga aurkeztu zenean, kolektibo ezberdinak eta Gaztetxetik pasa diren pertsona guztiak gonbidatu genituen. Gertukoekin antolatutako ekitaldi bat izan zen.

A.B.: Gaztetxero ohiak nahiko presente daude Gaztetxearen dinamiketan, eta aurten ere egongo dira.

2017a urte zaila izan da autogestiorako. Errekaleorren argia moztu zuten eta kaleratze saiakerak egon dira Alde Zaharrean.

Gaur egun ez daukagu mehatxurik. Baina horrek ez du esan nahi lasai gaudela, ezta babes instituzionala dugula ere. Izan ere, bi edo hiru urtetara arazoak izan ahal ditugu. Eta esan duzunari dagokionez, oraingoz kaleratze bat egon da Alde Zaharrean, baina Auzolan Frontoiaren kasuan azkenean ez dute botako Gasteiz Antzokia egiteko.

G.A.: Gaztetxearekiko mehatxu zuzenik ez dago, baina gertuko edozeini erasotzen badiete guk ere erasoa sentitzen dugu, herri mugimendu gisa.