Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Negazionismoa

Normalean familia baten gorabeherak hiruzpalau belaunaldiren memorian gordetzen dira. Herri batenak, ordea, mendeetan transmititzen dira. Historia (H handiarekin) deitu ohi zaio. Transmisio hori nola egiten den, hori beste kontu bat da eta, hain zuzen, hortxe dago koxka.

Denok dakigu, esaterako, nola helarazi zaigun Euskal Herrikoa, heldu zaigun neurrian bederen, batik bat gure jeneraziokoei: 778. urtean, Ibañeta mendateko segadan sarrazenoek suntsitu zuten Karlomagnoren armada indartsua, eta ez baskoiek. 1937an Gernika ez zuten Francoren lagun faxistek bonbardatu, Jainkoaren kontra zeuden gorri madarikatuek baizik. Eta gure garaiotan, bi herrialde «demokratikoen» baitan dagoen Euskal Herrian ez da arazo politikorik, «terrorismo» kontu bat baizik ez da.

Negazionismo hutsa baina ez hutsala. Izan ere, gehienetan boteretik idatzi izan da Historia eta, bere interesen arabera, hala transmititu, ukatu edota ezkutatu dira gertakizunak. Ez naiz ausartzen egiak esatera, egia bat baino gehiago daudelakoan bainago. Horregatik, kontakizunek ere bat baino gehiago izan beharko lukete, bertsio desberdinokin ondorengoek jazoeren ikuspegi osoagoa izan dezaten.

Kontakizun horiek, batez ere boterearen bertsio ofizialak gogaitzen dituztenean, erasoak izaten dira maiz (“Armagabetzea, Euskal Bidea” liburuaren EITBko publizitatearen pasadizoa, kasu). Ildo beretik, hemen milaka herritar torturatu direla ukatzen duten iturri ofizialei kontrajartzeko geratuko diren testigantzen bildumak, azterketa lanak edo nazioarteko auzitegietan Estatu espainola kondenatu duten epai bakanak ez dira boterearen gustuko. Portzierto, berriki ebatzi den Portu eta Sarasolaren kasuan Espainiaren aurkako kondena hori Didier Rouget legegizonak ahalmena zuen bitartean Europako auzitegian aurkeztu zuen azken salaketaren bidetik eratorritakoa da.

Liburuak, sententziak, filmak… euskarri batean edo bestean izan, ahalegin hauek guztiak gaur egungo jendarteari ez ezik, etorkizunekoari ere «egia» osatzeko baliagarriak dira eta zer esanik ez, gure Historia era egokiagoan jasotzeko.