Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Bukharinek baditu jarraitzaileak Espainian

Elurretan zoazenean, aurretik pasatu denaren urratsei jarraitzeak asko ekiditen du ibiliaren nekea. Hori bai, hura joan den lekura iristen zara. Halatsu gertatzen da ideien munduan ere. Egungo espainiar elitean inor gutxik ezagutzen du Nikolai I. Bukharin; eta haren berri dutenak nekez aurkituko dituzu elitean. Halaz eta guztiz, iragan mendeko lehen hereneko buru politiko interesgarrienetakoa izaten jarraitzen du... Onerako nahiz txarrerako.

Duela ehun urteko Iraultza Sobietarrean haren gainetik ipini behar den bakarrak, Leninek, bere «testamentuan» idatzita utzi zuena gogora ekartzea aski litzateke: «Bukharin, Alderdiko teoriko txit baliotsua eta txit iaioa ez ezik, Alderdi osoaren kuttuna dela esan genezake legitimitate osoz; baina haren irizpide teorikoak nekez esan dezakegu direla guztiz marxistak, badelako harengan eskolastika kutsu bat (inoiz ez du hausnartu eta esango nuke inoiz ez duela erabat ulertu dialektika)».

Marxista nahiz eskolastiko, Leninen atzetik, obrarik mardulena (eta askotarikoena) utzi zuen boltxebikea izan zen Bukharin, Trotskiren beraren parean edo gainetik. Eta historiak beste batzuen izenera ipini dituen ideia askoren aita edo ugazaita ere bai, agian: nazioaren teoria, Politika Ekonomiko Berria, herrialde bakarreko sozialismoa...

Halabeharrez, haren izena ez da lotzen ideia haien artean «arrakastatsuenetakoa» izango zenetako batekin: «Proletarioen diktaduran egon daitezke bi, hiru edo lau alderdi; baina baldintza batekin: bat boterean eta beste guztiak espetxean». Alderdi bakarreko sistemaren funtsa gutxitan azaldu da era pedagogikoagoan...

Esan gabe doa ideiak berdin-berdin balio duela proletarioen diktaduratik oso urruti dauden sistemetarako ere. Eta Bukharin nor izan zen jakin gabe haren jarraitzaile izan litekeela horretan. Gaur egungo espainiar elitearen zati handi bati gertatzen zaio.

Baina gogoan izan behar lukete haren urratsak Kommunarkan amaitu zirela. Bihar laurogei urte.