Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren puntuak

Rocka puntua!” liburuaren aurkezpen egunetik, ez dugu topo egin nahiz eta auzo berean bizi. Liburua prentsaurrekoan eskuratu ondoren, ziztuan irakurri nuen eta baita ere hamaika ohartxo idatzi testuaren aldamenean gero egilearekin, sarri egiten dugun antzera, eztabaidatu edo hausnartzeko. Aurkezpen arratsaldean auzoko espaloi estutik aldapan behera abiada bizian zetorren txirrindulariak bizikletarekin kolpatu zuen bortizki eta aurkezpeneko estasiaren zoriona segundo batean joan zitzaion. Besoa txikitu zion kolpeak eta hainbat puntu eman zizkioten. Ez ziren rockaren puntuak, baizik eta haragian hezurrak tokian jartzeko puntu mingarriak.

Alberto Irazurekin aurrez aurre hitz egindakoan idatziko nuen aipamena. Auzoko kalerik zabalean gurutzatu gara sei hilabete beranduago. Besoa tokian du, oraindik bajan, ordea. Irazuren “Rocka puntua!” liburuak goiko buruhausteaz landa, testuen eta bertsoen informazio bilaketak izugarrizko lanak ekarri dizkio. Liburuak badu historia eta kronologiaren kutsua baina sakoneko gai askotara jo du Irazuk. Hainbat talka: euskararen baliagarritasuna rock testuetan, batua-euskalkiak, euskararen erabilera taldeetan, bertsoa vs poesia, euskal modernizazioa, kultura eta kontrakultura, gazte vs zahar, transmisioak, komunikazioak. Baina Irazuk garden idatzi du, kurioso eta erraz. Hausnarketa interesgarri asko rocka maite dugunontzat bertsoarekin, poesiarekin edo tolesgabeko testuekin. Negu Gorriak eta Kortatu taldeen iruditeriak eredua ezarri du liburuaren itxuran, eta gehiegi.