14/04/2018

Lua Kastoreren barne-bidaia eraikiko du Ma Kolektiboak

Lua Kastoreren barne-bidaia izango du oinarri, Joseba Jaka sorkuntza-beka eskuratuta, Ma Kolektiboak osatuko duen antzezlanak. Epaimahaiak «dramaturgia-proposamen berritzailea» ekarriko duen eta «nortasun handiko atmosfera» sortuko duen obra izango dela aurreikusten du, baita estetika eta eszenografia indartsua izango dituela ere. Kolektiboko kideak lanean buru-belarri dabiltza, eta abenduan jakingo da aurreikuspenak betetzen diren.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0414_kul_urbe

Hamarkada beteko hutsunearen ostean, orain bi urte berreskuratu zuen Elkar Fundazioak Joseba Jaka beka, zenbait aldaerarekin: aurreratzean, literatur beka izatetik sorkuntza-beka izatera pasatuko zen eta bi urtean behin esleituko zen. 2016 hartan Alaine Agirrek jaso zuen, “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama” (Elkar) eleberria osatzeko, eta, aurten, antzerki obra bat sortzeko proiektuak jasoko du: Ma Kolektiboaren proposamenez, Lua Kastoreren barne-bidaia oholtzaratuko duen obrak.

Sariketara aurkeztu diren bederatzi lanak aztertu ostean, Agurtzane Intxaurragak, Iratxe Retolazak eta Jaime Valverdek osaturiko epaimahaiak bizpahiru egitasmo «sendo eta iradokitzaileren» artean hautatu behar izan zuela azaldu zuen Intxaurragak, guztiak ere «berritzaileak gaitegian edota dramaturgian, anbizio handikoak eta ekarpen estetikoak zein sozialak proposatzen dituztenak».

Erabakia hartzeko, beraz, aurkeztutako dokumentazioa baino zerbait gehiago eskatu zuten. «Proposamenak esku artean izan aurretik, eskatu genuen norenak ziren ez jakitea, gure asmoa ez zelako ibilbide bat bultzatzea, baizik eta proiektu bat», esan zuen. Hala, erabakia hartzeko azken bi finalistek euren proposamenak defendatu beharko zituzten epaimahaiaren aurrean, eta Oihane Enbeitak eta Eneritz Zeberiok Ma Kolektiboaren izenean aurkeztu zuten proposamena izan zen hautatua. Obrak Lua Kastoreren barne-bidaia oholtzaratuko du eta, Intxaurragak azaldu zuenez, hainbat geruzatan irudikatuko dute pertsonaiak bizi duen gatazka: «Nortasunen arteko tentsioak, kanpo-ahotsen eta barne-ahotsen arteko tentsioak, kontzientzia anatomikoa... Sinbolo-geruza ugaritan arakatu nahi du ikuskizunak». Obra oholtzaratzeko estetika zein eszenografia «indartsua» proposatu dutela eta poetikotasunari garrantzia emango diotela ere nabarmendu zuen eta, egitasmo «berritzailea» dela gaineratu zuen: «Gaitegian ere berritzailea da, kontzientzia anatomikoa duelako ardatz, baina, batez ere, dramaturgia-proposamena da berritzailea, nortasun handiko atmosfera bat sortzea helburu duena eta komunikatzeko zein eszenaratzeko bide berrietan arakatzea helburu duena».

Saria ostegunean jasoko dute, Andoaingo Martin Ugalden egingo den ekitaldian.

Geruzaz geruza

Ma Kolektiboaren izenean, aurkezpenean izan ziren Oihane Enbeita, Eneritz Zeberio eta Andoni Gartzia. Hastapen fasean dagoen proiektua izanda, ez zuten xehetasun handirik ematerik izan, baina zenbait argibide eman zituzten. Esaterako, ikus-entzunezkoak, antzerkia eta musika uztartuko dituen ikuskizuna oholtzaratuko dutela; testua izango duen arren, ez dela berariaz testuan oinarritutako obra izango; eta propio ikuskizunerako konposatutako musika izango duela.

«Irrikaz gaude hiruron diziplina horiek zelan fusionatuko diren asmatzeko, hori baita gure erronka», esan zuen Zeberiok, eta asmoa obra «geruzatan» eraikitzea dela gaineratu zuen Enbeitak. «Badugu pertsonaia, eta pixkanaka geruzak gehitzen joatea da asmoa», esan zuen. Lua Kastoreren sinbologiatik abiatuko dira, beraz: «‘Lua’ Hawaiiko arte martzial tradizional bat da, hezurrak haustea helburu duena. Eta kastorea, gizakia bezala, ingurunea moldatzen duen animalia da. Lua Kastore da nukleoa, abiapuntu bezala daukaguna».

BERRITZAILEA


Epaimahaiaren hitzetan, «nortasun handiko atmosfera sortzea» helburu duen obra da saritua, komunikatzeko zein eszenaratzeko bide berrietan arakatzea helburu duena».