Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren zorroak

Gazteenek musika mugikorretan gorde eta entzuten dute. Mugikorren pantailak askotan arrakalatzen direnez, mugikorra babesteko fundak (zorroak) ezinbestekoak bilakatu dira eta, gainera, erabilpen berria asmatu zaie. Moda berri bat datorkigu. Orain arte, artista edo kirolari ospetsuei eskatu izan zaizkien sinadurak paper mutur batean idazten ziren, edo kamisetetan. Egun, gazteenak, mugikorrak babesten dituzten zorroetan ari dira eskatzen. Sinadura horiek agerikotasun handiagoa dute mugikorra une oro bistan daramagulako. Beraz, moda berriak sinadurari erakusgarritasun eta ikusgarritasun handiak ekarriko dizkio. Lortutako sinadura lagunen aurrean harro erakusteko moduan egongo da sinaduraren jabea. Sinadura alkoholarekin garbitu daiteke, eta beste ospetsu batzuen sinadurak eskuratu. Funden bildumak egin daitezke. Arazoa da mugikor berriak neurri desberdinekoak egingo dituztenez zorroen babesgarritasuna ezerezean geratuko dela. Baina, orduan ere bai, balio estetikoa izango dute sinadurek eta horien bilduma egitea izango da asmoa. Hurrengo Durangoko azoketan diskoetxeei arazoa berri bat sortuko zaie. Diskoen salmenta erori egin da mendearen hasierarekin, gero eta gutxiago saltzen da. Diskoari hamaika lehiakide digital etorri zaizkio azken hamabost urteetan eta horrek eragin du diskoen salmentaren deskalabrua. Balio erantsia izan da azken urteetan Durangon musikari kutunek sinatutako diskoa erostea. Orain diskoa erosi gabe gazte multzo handia etor daiteke mugikorretako zorroetan sinadura eske.