GARA
TOLOSA

Tolosaldeko udaletara joko dute, Asuncion klinika hobetu dadin

Tolosaldeko Asuncion klinikako lan batzordeko kideek lauzpabost hilabete daramate greban lan baldintza hobeak eta hitzarmen duin bat eskatuz. Astean hiru egunetan ordu eta erdiko lanuzteak egiten dituzte eta apirilaren 25ean egun osoko lanuztea dute. Horrez gain, datorren astean mozio bat aurkeztuko dute hainbat udalbatzatan, arazoa konpontzeko inplikazioa eskatuz. Herririk handienetan elkarretaratzea egingo dute, astelehenean Villabonan (18.30ean), asteartean Tolosan (19.30ean) eta ostegunean Andoainen (18.30ean).

Klinika itunpekoa da, urtean 21 milioi euro jasotzen ditu Lakuako Gobernutik, baina «langileen lan baldintzek asko dute hobetzeko». Esplikatu dutenez, hitzarmenik gabe jarraitzen dute eta, bitartean, «zuzendariak diru publikoa erabiltzen du bere enpresa pribatuetarako eta aberasteko».

Ohartarazi dutenez, klinikaren «funtzionamendua gain behera doa».  Medikuak alde egiten ari dira eta erizainak ere bai. Traumatologiako zerbitzuan mediku askok ospa egin dute. «Bizpahiru traumatologo baino ez ditugu. Beraz, urgentziazko ebakuntzak Donostiara bideratzen dira». Hau guztia Tolosaldeko 31 udaletxetan, Parlamentuan eta Lakuako Gobernuan azaldu dute.