14/05/2018

Jon GARMENDIA
Idazlea
Berdintasuna
Cate Blanchetten ahotik jakin dut Canneseko nazioarteko zinema jaialdia 1946. urtean hasi zenetik emakumeen 82 film izan direla soilik, gizonezkoen 1.688 filmen aitzinean

Aipatzen zidan lagun batek ez duela zorte askorik azkenaldian; adibidez, aspaldiko amets bat betez Cannesera hurbiltzeko parada izan duela, eta betidanik tapiz gorriaren gainean argazki bat hartzeko xedea bazeukan ere, aurtengoan debekatu egin dutela selfieak egiteko ohitura. Momentuaren potretik gabe, Itsas Alpeetako hirian inoiz egon ez balitz bezala dabil orain laguna. Eta ni, zortea zer kristo den hausnartzen. Alfonbra gorriak imana duela Arnaldo Otegiri irakurri nion; berak politikaren arloan zerabilen metafora, boterearen erakarpenaz mintzo zen, baina ulertzen dut, agian, besteak daukalako miresten dugun hori noizbait ukaitea dugula xede besteok ere. Bestalde, emakumeen aldarrikapenagatik oroituko dut aurtengo Canneseko zinema jaialdia. Cate Blanchetten ahotik jakin dut 1946an ospatzen hasi zenetik emakumeen 82 film izan direla soilik, gizonezkoen 1.688 filmen aitzinean. Noski, izanen da garrantzitsua film onak egitea dela aldarrikatzen duenik halere, eta ez duela axola nork egiten dituen, prefosta. Oraino ohartu ez naizen zerbait badago esaldi horren azpian. Eta gainean. Berdintasunerako bidea luzea da bai, ia Esne Bidearena bezain. Batik bat, harrabots gehiago atera baitu Kendall Jennerrek bularrak transparentzia batekin agertu izanak emakumeek egindako aldarriak baino, sare sozialak ditugu gizarte horren ispilu. Pelikula bat bailitzan bizitza, fikziorik negargarrienak errealitateari gaina hartuta. Tira, tximinoarena egiten bizi garela dirudi, eta ongi legoke sapiens sapiens sorrera garaira itzulita, berriro ere zerotik gizadi berri bat sortzen hasiko bagina.