15/05/2018

IñAKI ZIARRUSTA
AKTOREA

«Tomiris. Mendeku zilegi baten istorioa» da Atx Teatroaren azken proposamena. Bera haurra zela, indarkeria matxista jasan zuten bi emakumeren anaia da protagonista, adin-nagusitasunera heltzean mendeku bila abiatzen den gizonezkoa. Bakarrizketa formatuan, biolentziaren inguruko gogoeta gordina egiten du oholtza gainean Iñaki Ziarrustak. Ostiralean Laudioko Kultur Etxean (22.00) izango da.

«‘Tomiris’ ez da Erdi Aroko istorio bat, nire arreben ohorea modu paternalista batean zuritzen duena»
Ariane KAMIO|laudio
0515_kul_tomiris

Bortxaketa bat eta jazarpen matxistak ditu «Tomiris»-ek gai nagusi. Zer aurkituko du ikusleak oholtzan?

Berez istorioak hitz egiten du mendeku baten inguruan, baina mendeku hori nondik datorren, testu osoa oinarritzen da indarkeria matxistan. Berez pertsonaiak kontatzen ditu bere haurtzaroko pasarte bi, non berak bizi izan zituen indarkeria matxistaren eraginak lehen pertsonan, edo bigarren pertsonan, berez bere arrebek jasandako indarkeriak izan zirelako.

Pertsonaia honek erabakitzen du justizia bere kabuz egitea eta nagusi egiten denean ikertzen du nor izan zen indarkeria hori aplikatu zuen gizonezkoa. Erabakitzen du pole danceko dantzari bihurtzea, erdi trabestitu egiten da bere muga guztiekin eta itxaroten du bere biktima iritsi arte. Ailegatzen denean akabatu egiten du.

Bakarrizketa bat da, gizonezko batek egindakoa. Istorioa bera mendeku bati buruzko istorioa da, baina mendeku horren aitzakian indarkeria matxista eta emakumeek jasaten duten jazarpenaren inguruko gogoetak agertzen dira.

Zergatik mendekua?

Uste dugulako zilegi dela. Sasoi honetan, non biolentzia oro gaitzetsita dagoen eta komentario guztiak diren hori alboratzeko, pentsatzen dugu kasu askotan bide bakarra dela. Hau gizonezko bat da, gizonezko batek kontatzen du istorioa, eta gizonezkoen azken soluzioa askotan biolentziara jotzea da.

Uste dut bizipen pertsonaletik badaukala zerbait kontakizun honek.

Haurtzaroko pasarte horiek benetakoak dira; niri gertatu zitzaizkidan txikitan. Gure arrebetako bat bortxatu egin zuten eta beste arreba batek jazarpen arriskutsu asko jasan zituen.

Gogoeta horretatik hasi nintzen abiatzen istorio hau; modu ia-ia terapeutiko batean kontatu nahi nuen niri gertatutakoa. Ez da Erdi Aroko istorio bat, nire arreben ohorea modu paternalista batean zuritzen duena; nik neuk nire barruan, nire haurtzaroan, jasandako hori nire barnetik ateratzen duena baizik.

Modu paternalista aipatu duzu, eta hortik ihes egin nahi izan duzu. Gizonezkoa izanik, zalantzak izan dituzu istorio hau oholtzara eramaterakoan?

Bai. Hasiera batean bai, zalantza nuen ni gizonezkoa izanda, arazoaren parte izanik, ba ote neukan zilegitasunik honi buruz hitz egiteko. Pentsatzen nuen ez nintzela pertsonarik egokiena, gizonezko bat naizelako. Baina azkenean kontua ez da feminismoaren abanderatu izatea inondik inora ere, baizik eta bizitza pertsonaleko pasarte bi kontatu eta sentitzen dudan amorrua ateratzea.

Askotan, antzerkia sortzen dudanean, nire sortzeko iturburua amorrutik dator, haserretik, eta niretzat nahiko terapeutikoa da, zentzu horretan, kontatu ahal izatea hori eta nire imajinarioan eta modu artistiko batean zer egingo nukeen nik hori garbitzeko. Zeren errealitatean ezin dut eskopeta bat hartu eta inor mendekatu. Nahi nuke egin kasu askotan [barreak], baina hori da egin ezin dena.

Antzezlana estreinatu duzue dagoeneko. Istorio gogorra duzue esku artean, publikoa erakartzeko amua ere izan liteke.

Neurri batean, istorio gogorra da, gordina, kontatzen dena ez da batere samurra, baina gero baditu elementu asko tentsio hori baretzeko. Egia esan, estreinatu genuenean –apirilaren 21ean, Gasteizen–, sortu ziren nik espero ez nituen gauza batzuk. Gizonezko askok esan zidaten tentsio handi bat sentitu zutela, eta haien edo gure kontrako zerbait zela. Estreinaldia besterik ez dugu egin, aste honetan badugu beste emanaldi bat eta hurrengoan beste bat eta oraindik gabiltza detaileren bat edo beste aldatzen, nabigatzen apur bat, eta hari konkretu batzuetatik tiraka ea zer gehiago topatu ahal dugun antzezlan honetan.

Hasiera batean bai, zalantza nuen, ni gizonezkoa izanda, arazoaren parte izanik, ba ote neukan zilegitasunik honi buruz hitz egiteko.