10/07/2018

Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria
«Bolvoretas»

Por primeira vez desde que comezara con aquel xogo, o pracer que sentía mentres tiña unha bolboreta na boca prolongouse alén do momento de deixala ir. Mantívose en min tanto tempo como estivo na súa boca». Tximeleta bat ahoan sartuta haren kilimak sentitu ondoren aske uzteak berriro bizitza beraren kilimak sentitzea adieraz dezake. Tximeleta hori gustuko pertsonaren ahora pasatzea hark kilima horiek ere senti ditzan, norberaren bizi kilimak elkar banatzea litzateke. Xabier P. Docampo idazle galiziarrak hitzen kilimak banatzen eman zuen bizitza. Samurtasunaren hitzak, irudimenaren lurraldetik ekarriak mundua samurragoa egite aldera. Xabierren tximeletak galiziar kulturaren hegaldiak dira, ahoz aho transmititutakoak, literatura aski eder eta oparoarenak. Xabierren ahots kraskatuak, irribarre liluragarriak, etengabeko irakaspenek, istorio harrigarriek eta tartekako «mekaguendios!»-ek, laino, euri, sorgin eta santa compañaren arima zituzten beren baitan. Xabier galiziarra zen, gorputz eta arimaz; idazle, kontalari eta lagun galiziarra, eta horregatik unibertsala zen; tximeletak hegan, sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik hegan, noranahi heltzen baitira.

Xabier betirako joan zaigula jakiteak krak bat egin digu barnean. Xabierrek hitzen nabigazioan elkartu gaitu euskaldunak eta galiziarrak, bi herri txiki, bi hizkuntza baztertu, dagokien lekua eta ezagutza bilatuz. Elkarrenganako ezagutzak eta elkartasunak handi egiten gaitu. Maitaleek ahotik ahora elkarri eskainitako tximeletak bezala. «Bolvoretas voando dentro de nos».