13/07/2018

Koldo Almandoz, Zinemaldian, «Oreina» filmarekin

Koldo Almandoz zine zuzendari donostiarraren bigarren film luzeak, «Oreina»-k, Donostiako Zinemaldian parte hartuko du New Directors sailean Europa, Asia eta Latinoamerikako beste hamabi zinemagileren lanekin batera. Filma irailaren 28an estreinatuko da.

GARA|DONOSTIA

1997AN


1997an programatu zen Zinemaldian Koldo Almandozen lehen film laburra, «Razielen itzulera» eta bi hamarkadaren ondoren sail horretan aurkeztu zuen «Sîpo Phantasma» ere. Bere bigarren film luzea da «Oreina».

Koldo Almandozen (Donostia, 1973) “Oreina” filma Donostiako Zinemaldiko lehian sartuko da New Directors sailean. Fikziozko lehenengo filma du eta irailaren 28an iritsiko da zinema aretoetara. Txintxua Filmsen ekoizpen hori Almandozek (“Sîpo Phantasma”, “Plágan”) mundua begiratzeko modu pertsonala mantentzen duen film garaikidea da. Hiria, industria giroa eta natura elkartzen dituen hiri periferia bateko hainbat pertsonaia erakusten ditu. Periferia horretan jatorri desberdineko pertsonak gurutzatuko dira: elkarri hitzik egin gabe bizi diren bi anaia, norabiderik gabe dabilen mutil gaztea edo inguru horretatik ihes egin nahi duen neska gaztea.

Antzezleen artean dira Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Iraia Elias, Erika Olaizola eta Laulad Ahmed. Filma 2017ko udazkenean grabatu zen sei astetan Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat lekutan.

Beste 12 film lehian

New Directors sailean Europa, Asia eta Latinoamerikako beste hamabi film lehiatuko dira. Lehenengo edo bigarren filma egin duten zuzendariak sartzen dira lehia horretan. Donostian izango dira Elias Leon Siminiani “Apuntes para una pelicula de atracos” lanarekin, Nataliia Meshchaninova (“Core of the World”), Ismet Sijarina (“Cold November”) eta Hadrian Marcu “A Decent Man” film luzearekin.

Lehia horretan izango dira Francisco Marise argentinarraren “Para la guerra” ekoizpena eta Hiroshi Okuyama japoniarraren “Jesus” ere.

New Directors sailean beren lanak erakutsiko dituzte Ines Maria Barrionuevo argentinarrak (“Julia y el zorro”), Lila Alves mexikarrak (“La camarista”) eta Hannes Baumgartner suitzarrak (“Midnight Runner”).

Zerrenda luzatzera datoz Laurits Flensted-Jensen danimarkarra “Non Heart” filmarekin; Ash Mayfair vietnamdarra “The Third Wife” ekoizpenarekin eta Celia Rico sevillarra “Viaje al cuarto de una madre” lanarekin. Lehiakideen zerrenda osoa datozen asteetan jakinaraziko du Zinemaldiak. Kutxabank-New Directors saria 50.000 eurokoa da eta zuzendariak eta filmaren Estatu espainoleko banatzaileak jasotzen dute.