14/07/2018

Claire Denis, Kim Jee-woon, Naomi Kawase eta Valeria Sarmiento, Sail Ofizialean

Zinemaldiak aurreratu ditu Sail Ofizialean lehiatuko diren lan batzuk. Claire Denis, Kim Jee-woon, Naomi Kawase, Valeria Sarmiento, Simon Jaquemet eta Markus Schleinzer dira horietako batzuk.

GARA|DONOSTIA
0714_kul_kawase

Hiru europar, bi asiar eta bi latinoamerikar zinemagileren sinadura daramate Zinemaldiaren Sail Ofizialeko lehen aurrerapeneko filmek. Urrezko Maskorra lortzeko lehian ariko dira Simon Jaquemet, Kim Jee-woon, Naomi Kawase, Benjamin Naishat, Valeria Sarmiento eta Markus Schleinzeren azken lanak.

Claire Denisentzat (Paris, 1946) lehenengo aldia izango da lehia honetan; “High Life” filmarekin parte hartuko du Sail Ofizialean. Zientzia fikziozko lana da, Juliette Binoche eta Robert Pattinson protagonista dituena.

Naomi Kawase (Nara, Japonia, 1969) bigarrenez saiatuko da Urrezko Maskorra lortzen, 2010ean “Genpin” aurkeztu eta gero. Orain “Vision” ekarriko du Donostiara, bere jaioterriko probintzian filmatu duen obra. Juliette Binoche eta Masatoshi Nagase dira protagonistak. Mundu mailako estreinaldia izango da Zinemaldian.

Kim Jee-woon (Seul, 1964) ere bigarrenez izango da Donostian Urrezko Maskorra lortzeko lehian. 2010ean “I saw the Devil” aurkeztu ondoren, “Illang: The Wolf Brigade” lanarekin parte hartuko du aurten.

Valeria Sarmientok (Valparaiso, Txile, 1948) ere bigarren aldia izango du Zinemaldiko lehia ofizialean, 1995ean “Elle” aurkeztu ostean. Aurtengoan Camilo Castelo Brancoren “Livro Negro de Padre Dinis” liburuan oinarritutako “The Black Book” filmarekin parte hartuko du.

“Rojo” Benjamin Naishtaten (Buenos Aires, 1986) hirugarren film luzea da. 1970eko hamarkadan girotuta dago, diktadura hasi aurreko urteetan, eta Dario Grandinetti, Andrea Frigerio eta Alfredo Castro ditu aktoreen artean.

Markus Schleinzer (Viena, 1971) Canneseko Sail Ofizialean lehiatu zen bere lehenengo lanarekin, “Michael”, eta Donostian bere bigarren obra aurkeztuko du, “Angelo”. Europartutako afrikar baten istorioa hartu du hizpide. Makita Samba, Alba Rohrwacher eta Larisa Faber dira protagonistak.

Simon Jaquemetek (Zurich, 1978) 2014an estreinatu zuen bere lehenengo lana, “War”, Zinemaldiko New Directors sailean saritua izan zena. Bigarren filmarekin, “The Innocent”, Donostiara itzuliko da, Sail Ofizialera, iraganak fededunen komunitate batean harrapatu duen emakume baten erretratuarekin.

Zinemaldiko 66. edizioko Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmak datozen asteetan iragarriko direla adierazi dute jaialdiko arduradunek.

«I SAW THE DEVIL»


Kim Jee-woonek 2010ean aurkeztu zuen lehia ofizialean «I Saw the Devil», hilketei eta kanibalismoari lotutako filma. «Illang: The Wolf Brigade»-rekin itzuliko da aurten lehiara.