11/08/2018

Hamabi hautagai Zinemaldiko Horizontes saria lortzeko

Latinoamerikan ekoitzi, zuzendu edo girotutako hamabi film lehiatuko dira Donostiako Zinemaldiaren 66. edizioko Horizontes saria lortzeko. Besteak beste, Brechner, Hernandez Cordon, Katz, Martinessi, Reygadas eta Seignerren azken lanak izango dira lehian.

GARA|DONOSTIA
0811_kul_zinemaldia

Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean Latinoamerikan ekoitzi, zuzendu edo girotutako hamabi film lehiatuko dira: “Las herederas” (Marcelo Martinessi), sailari hasiera emango diona, “Familia sumergida” (María Alché), “La noche de 12 años” (Álvaro Brechner), “Figuras” (Eugenio Canevari), “Cómprame un revólver” (Julio Hernández Cordón), “Enigma” (Ignacio Juricic Merillán), “Sueño Florianópolis” (Ana Katz), “Ferrugem/Rust” (Aly Muritiba), “Nuestro tiempo” (Carlos Reygadas), “Marilyn” (Martín Rodríguez Redondo), “Los silencios” (Beatriz Seigner) eta “El motoarrebatador” (Agustín Toscano).

Zinemalditik nabarmendu dutenez, parte hartzaile gehienak ez dira berriak Donostian. Besteren artean, Zinema Eraikitzen sailean aukeratu zuten Alcheren (Buenos Aires, 1983) lehen lan luzea den “Familia sumergida” filma, duela gutxi Locarnoko zinema jaialdian proiektatu dena. Halaber, “Ferrugem/Rust” aurkeztera datorren Muritiba zuzendari eta gidoigileak (Mairi, Brasil, 1979) ere hartu zuen Zinema Eraikitzen sailean.

Reygadas (Mexiko Hiria, 1971) Horizontes Latinos sailean lehian aritua da “Post Tenebras Lux” lanarekin eta Brechnerrek (Montevideo, 1976) bere hirugarren filma, “La noche de 12 años”, dakar. Brechner berak Aipamen Berezia jaso zuen 2015eko Zinemaldiaren Koprodukzio Foroan (“Memorias del calabozo” lanarekin). Hernandez Cordonen (Raleigh, Ameriketako Estatu Batuak, 1975) lehendabiziko film luzea ere, “Gasolina”, Zinema Eraikitzen Industria Sariaren merezidun izan zen 2007an, bai eta Horizontes sariarena ere, 2008an.

Katzek (Buenos Aires, 1975) “El juego de la silla” (2002) filmarekin egin zuen debuta; lan horrekin, Zinema Eraikitzen sailean parte hartu zuen eta aipamen berezia ere jaso zuen Made in Spain sailean. Hurrengo urtean, 2003an, Zuzendari Berriak saileko epaimahaikide izan zen.  “Una novia errante” lanarekin (2007), Zinema Eraikitzen Industria Saria irabazi zuen eta “Los Marziano” Donostiako Sail Ofizialean sartu zen 2011n; 2014an, berriz, “Mi amiga del parque” filmarekin Zinema Eraikitzen sailean parte hartu zuen. Toscanoren (San Miguel de Tucuman, Argentina, 1981) “El motoarrebatador” lanak 2015eko Zinemaldiko Koprodukzio Foroan parte hartu zuen.

Canevari argentinar zinemagilearen lehenengo urratsek ere lotura estua dute Donostiarekin; “Gorila Baila” izeneko film laburrarekin Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan parte hartu zuen eta “Paula”, haren lehenengo lana, Zinema Eraikitzen sailerako aukeratu zuten 2014an, eta Zuzendari Berriak sailean estreinatu zen 2015ean. Bere bigarren film luzea da “Figuras”.

Seignerrek, azkenik, Zinema Eraikitzen saria jaso zuen “Los silencios” filmarekin.