GARA
ELORRIO

Eroskik 387 tonara igo du MSC ekoetiketa urdindun hegaluze kopurua

Eroskik 387 tonara igo du arrantza iraunkorraren MSC zigiluarekin euskal portuetan erosten duen hegaluze kopurua 2018ko kanpainan, ekainetik abuztura. Aste batzuk dira kooperatibak amaitutzat eman duela kanpaina, espainiar Estatuko kuota betea baitago.

Berez, hegaluzearen arrantza kanpaina oraindik ez da amaitu. Izan ere, Irlandak eta Estatu frantsesak jarraitzen dute arrantza pelagikoarekin arrainak harrapatzen; Eroskik ez du horrelako hegaluzerik erosten, ez baititu betetzen bere arrantza politika iraunkorraren printzipioak. Amuz arrantzaturiko hegaluzearekin bakarrik hornitzen da kooperatiba, eta arrantza mota hori egiten duten ontziak dagoeneko geldirik daude.

Tokian tokiko elikagai gehiago

Eroskik, hala, beste pauso bat eman du arrantza iraunkorraren alde, bigarren urtea baitu MSC zigilu urdina duen hegaluzea saltzen bere arrandegietan. Banaketa kate bakarra da, espezie hau ekoetiketa urdinarekin saltzen duena arrain fresko gisara, Eroski Natur markarekin; horrek erakusten du arrantzaleku iraunkorretatik datorrela eta trazabilitatea bermatua duela.

Kooperatibak tokian tokiko produktuen aldeko konpromisoa hartua duenez, indartu egin du produktu freskoen lidergoa eta elikagai arduratsuagoen salmenta, hori baita elikadura osasungarri eta iraunkorrago baten oinarria; eta Zurekin eredu komertzialaren oinarri nagusia.

Bestalde, bigarren urtez jarraian, online supermerkaturik onena aukeratu dute Eroskiren Interneteko denda. Kooperatibak atzo jaso zuen saria, Bartzelonan, 2018-2019ko Merkataritza Sariketaren ekitaldian.

Urteko WebShop saria eman diote Eroskiri online supermerkatuen kategorian. Kontsumitzaileek ematen dute saria, on-line bozketaren bidez supermerkatuaren gogobetetze eta balorazio maila orokorra aukeratuta. Espainiar Estatuan dagoen kontsumitzaile lehiaketarik handiena da, eta merkatu azterketarik handienetako bat.

Bozketan, zenbait ezaugarri baloratu dituzte: kalitatea eta prezioa, sortaren tamaina, bezeroarenganako zerbitzua, eskariak ematearena, promozioak eta eskaintzak, eta erabiltzaileen esperientzia.

Online negozioaren arloko zuzendariak esan duenez, Eroski aldatzen doa arlo digitalerantz, eta saritu egin diote kontsumitzailearen premietara egokitzeko izan duen gaitasuna eta prestakuntza, irtenbide berritzaileak bilatu baititu horien erosketa esperientzia hobetzeko.