10/10/2018

Idazle musikazalea musikari literaturzalearekin eskuz esku

«Zeri kantatzen diogu euskaldunok?» galderari erantzun gura izan dio Gotzon Barandiaran idazleak, azken urteotan musika eta letragintzaz egindako tailerretan ikasitakotik. Herriz herri ari dira Rafa Rueda musikaria eta biak hitzaldi musikatuak eskaintzen.

Patxi GAZTELUMENDI|BILBO
1010_kul_barandiaran

Literatura eta musika uztartzen dituen kantagintza aztertu nahi izan du Gotzon Barandiaran idazleak “Hitzen ahairea” saiakeran. «Hainbat galdera daude liburuaren oinarrian» esanez aurkeztu zuen Leire Lopez Ziluaga Susa argitaletxeko editoreak lan hau. «Zer harreman du kantatzen dugunak gure izaerarekin? Zenbateko eragina du entzuten dugunak gure diskurtsoan? Zeintzuk dira gure erreferenteak? Nork sortzen ditu? Zertarako? Zeri kantatzen genion euskaldunok XIX. mendean? Eta geroko mendeetan?», galdera sorta luze batekin azaldu zuen liburuaren mamia editoreak. «Zeri kantatuko diogu bihar, eta nola?» galdetuz, liburuaren oinarrian dauden kezkak izan zituen mintzagai Lopez Ziluagak.

Liburu honetan aipatzen diren kantuak aukeratzeko orduan, Koldo Izagirrek XX. mendeko Poesia Kaierak bilduman poeta bakoitzari lotuta egindako kantuen zerrenda izan du oinarri Barandiaranek. Diskografia horietan XX. mendeko poeten lan musikatuak ageri dira, eta «musikatutako testuok izan dira azterlan honen corpus nagusia», Susako editoreak zehaztu zuenez. Ondorioz, «kantu gehienen letra eta testuak lotuta daude testuinguru politikoarekin eta aipatzen diren abesti gehienek lotura dute aberriarekin, euskararekin, lurraldearekin, askatasunarekin, identitatearekin edo borrokarekin», Leire Lopez Ziluagaren esanetan.

«Hemen dauden gogoeta asko eta asko, Rafa Ruedak eta biok kotxean hitz egin eta eztabaidatutako kontuak dira», bota zuen Gotzon Barandiaranek. Izan ere, «aspaldi honetan ‘Hitzen ahairea’ izeneko tailerrak eskaintzen ari gara ikastetxe eta herri ezberdinetan; tailerretan, gainera, jendearen parte hartzeak apunte gehiago sortzen ditu, eta eztabaida eta ildo berriak», Barandiaranen hitzetan. «Kantagintzaren funtzioaren garapena» ikertu nahi izan du berak, eta «80ko hamarkadan hegemonikoa zenak, zergatik galdu duen gaur egun indarra jakin nahi izan dugu». Tesi horretatik abiatzen da Barandiaran, euskal musikak presentzia eta balioa galdu dituelakoan baitago bera.

Genero ikuspegia

«Emakumea paisaia estatikoa da gure kantagintzan, asko jota metafora bat, eta, gainera, ez dago emakumeek idatzitako kanturik ia atzora arte», zehaztu gura izan zuen Barandiaranek. Sortzaileak.eus atarian emakume sortzaileak zenbatu dituzte, eta «gaur egun askoz gehiago direla dirudien arren, idazleen %21 bakarrik dira emakumezkoak».

Andoni Tolosa Morau kantariaren hitzaurrea dauka “Hitzen ahairea” liburuak. Ostean, egileak irakurleei idatzitako argipenak eta mamia lau atal nagusitan banatuta: “Galtzaile izatearen kontzientzia kolektiboa”, “Kantatua izateko”, “Erbestetik herriminez” eta “Euskarak biziraun dezan kantatu”.

Bibliografia osatu bat ere badu liburuak eta Susaren webgunean entzun daitekeen sareko soinu banda, 140 kanturen 227 bertsio edo grabazio ezberdinekin. Liburuan mende eta erdiko letra eta kantak batzen dira gutxi gorabehera.

«Idazlearentzat ez dago opari handiagorik»

Bilboko Bira kulturguneko aurkezpenera idazle eta musikari ugari batu zen. Musikari batzuek egiten duten hizkuntz hautuaz bere kezka azaldu zuen Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslariak, eta Edorta Jimenez idazlea, berriz, publikotik “Bizkaiko zirkua” izendatu zuen kultur panoramaz aritu zen: «MTV sariak, San Mameseko kontzertuak, BBK Live, Mundaka Festival… Bizkaia momentu honetan zirku bat da, eta inork ez du ezer salatzen», bota zuen kultur egoera ondo ezagutzen duen idazle mundakarrak. Baina aitortza handi bat ere egin zuen: «Idazlearentzat ez dago opari handiagorik kantatua izatea baino». Hainbat kanta ezagunen egilea da Edorta Jimenez, baina oraindik bere herrian ez dute sinesten Marijaiari gorazarre egiten dion Bilboko Aste Nagusiko letra ere berak idatzia denik. Musika eta letrak, kantuak eta mezuak batzen dituen “Hitzen ahairea” saiakerak emango du zeresana aurrerantzean, kantatzeko ere bai. P.G.

TAILERRAK


Herri desberdinetako ikastetxetan idazketa tailerrak egiten ari dira ildo berriak sortu eta horien inguruan gogoeta sortzeko asmoz.