11/10/2018

Metalezko haize instrumentuen bigarren topaketa, Azpeitian

2014ko abenduan egin zituzten Azpeitiko Metal Topaketak aurreneko aldiz. Aurten, #MetalTop izenarekin, berriro antolatu dituzte. Lau urte hauetan herrian egin diren bestelako musika ekimenei ere aitortza egingo diete argazki erakusketa baten bidez.

|Azpeitia
1011_kul_metaltop

Duela lau urteko abenduan egin zuten lehen Metal Topaketa Azpeitian, Tuba Jaialdiko lantaldeak, Azpeitiko Metal Boskoteak, Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak antolatuta. Aurten #MetalTop izena daraman jaialdiaren bigarren edizioa egingo dute.

Pixkanaka indartzen ari den ekimen honi babesle berriak gehitzen ari zaizkio. Izan ere, urte hauetan garatutako proiektuen babesle Yamahak babesle izateari utzi dio eta Buffet Crampon eta Miraphone musika etxeek hartu dute haren tokia. Horiez gain, Euskal Herriko Musika Bulegoa ere batu zaie aurtengo festan, eta ikastaro zein masterclass-ak gauzatzeko laguntza emango du.

Topaketen inguruan zerbait nabarmentzekotan, bertan bilduko den kalitatea aipatzen dute antolatzaileek. «Programa oso aberatsa bete ahal izan dugu. Hori dela eta, musikari eta ikusleei, deialdi berezi bat egin nahi diegu etor daitezen emango diren ikastaro eta kontzertuetara», plazaratu zuten igorritako ohar baten bidez.

Beren esanetan, kontzertu gehienak doakoak izango dira, eta ordainpeko ekintzek prezio «erosoak» izango dituzte. Topaketaren lehen osagaia jada martxan dago; aurreko edizioko eta azken urte hauetan antolatutako ekintzetan ateratako argazkien erakusketa joan den ostiralean zabaldu zuten. Orain arte izan diren kartel guztiak ere ikusgai daude, nolabait jaialdiak izan duen bilakaera erakusteko. Bilduma Sanagustin Kulturgunean ikusi ahal izango da igandera arte. Musika ekintzak, berriz, bihar hasiko dira gazteentzat bideratutako ikastaro batekin. 12.00etan hasiko dira Soreasu antzokiko Azpeitiko udal musika bandaren egoitzan. Bazkaria tartean, goizez eta arratsaldez lanketa bereziak egingo dituzte taldean nola jotzen den ikasten, teknika zuzenketak egingo dizkiete, eta egunaren amaieran 18.00etan, Sanagustin Kulturgunean kontzertu txiki bat eskainiko dute. Ikastaro honen prezioa 30 eurokoa da eta bertan bazkaria sartzen da, jaialdiko kamiseta eta hurrengo egunerako Spanish Brass-en kontzerturako sarrera bat.

Larunbata, indartsu

Iraurgi Saskibaloi Taldeak garagardo festa antolatzen duela aitzakia hartuta, bihar gauean “Tuba polka” kontzertua eskainiko dute Tuba Jaialdiko antolakuntzako kideek, kanpotik etorriko diren maisuen laguntzaz. 22.00etan hasiko da Berdura Plaza berrituan.

Larunbata izango da topaketako egunik mamitsuena. Goizeko 9.30ean bilduko dira musikariak eta 10.00etan masterclassekin hasiko dira. Horiek musikari afizionatu eta ikasleei bideratutakoak izango dira, beren maila kontuan izan gabe. 10.00etan Pablo Fernandezek tuba eta bonbardino beroketak landuko ditu udal bandaren egoitzan, eta ordu berean Soreasuko oholtza nagusian, David Muñozek aho-piezarekin lanketak nola egin irakatsiko du. Jarraian ikasketa teknika eraginkorren inguruko hitzaldia eskainiko du. Horien ostean Tuba Jaialdiak kontzertua eskainiko du, baita Spanish Brass taldeak ere, 30 urteko ibilbideko kanta esanguratsuenak eskainiz. Azkenengo honek, gainera, hainbat ikastaro eskainiko ditu.

Topaketak igandean amaituko dira Spanish Tuba Quartet taldearen emanaldiarekin. Honakoa Pablo Fernandezek, Eduardo Noguerolesek, Jonathan Vazquezek eta Oscar Abellak osatzen dute. Elkarrengandik urrun bizi diren arren, tarteka elkartu egiten dira tubarekin egindako musika sustatzeko asmoz.

KONTZERTUA


Spanish Brass taldearen kontzerturako sarrerak dagoeneko salgai daude 10 euroan. Egunean bertan ere erosi ahalko dira 12 euroren truke.