Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EUROLIGA

Iaz bezala, Panathinaikosen aurka erreakzionatu behar Baskoniak

Milanen galdu ostean, zortzigarren postua urruti jartzen ari zaio talde gasteiztarrari. Perasovicen aburuz, gaur gauekoa «final bat» da.

Esan gabe doa Kirolbet Baskonia ez dabilela batere ongi Euroligako hasiera honetan. Zortzi partida jokatu ostean bi baino ez ditu irabazi eta 16 lehiakideetatik hamabigarrena da gaur egun Gasteizko taldea. Hori gutxi ez-eta, gaur gaueko 20.30etik aurrera Panathinaikos aurkari arriskutsuaren bisita jasoko du Buesa Arena pabiloian.

Gauzak zer diren! Iaz ere antzeko egoeran jaso zuten arabarrek greziarren bisita. Aurreneko lau neurketak galdu ostean, Pablo Prigioni entrenatzaileak dimititu egin zuen eta Pedro Martinezen aurreneko partida izan zen Nick Calathes eta enparauen aurka. Partida ia osoan zehar atzetik ibili ziren gasteiztarrak, baina bertan eutsi zioten, eta zortea ere alde izan zuten: azken orduko jokaldian Rodrigue Beaubois eskolta frantsesak garaipena eman zion Baskoniari: 85-84.

Garaipen hark biziberritu egin zituen gasteiztarrak, hurrengo hamar partidetatik zazpi irabazi zituzten-eta. Ondorioz, Euroligako aurreneko faserako ezarritako helburua, zortzi aurrenekoen artean muturra sartzea, alegia, lortu zuten Pedro Martinezen mutilek.

Bada, esan liteke gaur gaueko neurketak baduela iazko haren trazarik, entrenatzaile berri eta guzti. Armani Milanoren aurka gutxigatik ihes egin zion garaipenak Baskoniari; bada, 2-6ko balantze negargarri hori itxuratzen hasteko ordua du. Ez da, beraz, harritzekoa Velimir Perasovic Panathinaikosen aurkako dema «final bat» dela esatea.

Defentsan «pauso bat atzetik»

«Euroligako taldeontzat partida bakoitzak garrantzi itzela du. Are gehiago hiru porrot segidan –Olympiacos, Buducnost eta Armani Milano– jasan badituzu, gure kasuan bezala. Nola edo hala, irabazi egin behar dugu», bota zuen atzo Perasovic entrenatzaileak.

Ohi den moduan, loreak izan zituen entrenatzaile kroaziarrak bere aurkariarentzat. «Panathinaikosek etxetik kanpo ongi jokatzen daki. Bere jokamoldea nahikoa atipikoa da, pick’n roll bakoitzean defentsan jokalariek asko aldatzen dute –hau da, aurkari konkretu bat jarraitu beharrean, bakoitzak inguruan duen aurkaria zaintzeko ardura hartzen duela– eta Calathes lako jokalari bikain bat dute, jokoaren erritmoa bikain menperatzen duena, eta fisikoki talde indartsua da benetan», onartu zuen.

Hala ere, onartzen hasita, «defentsa hobetu beharra» dutela onartu zuen beste behin kroaziarrak. Milanen 93 puntu jaso zituen Baskoniak, larregi ezer onik atera nahi bada. «Gure defentsak hobeto erantzun behar du. Bat baten aurkako defentsa eta pick’n rollen defentsa asko ari zaigu kostatzen, beti pauso bat atzetik goazelako. Erasoan badugu talentua, baina defentsan hobetu beharra dago; aurkariek kalitate itzela dute eta aurrean daudenek guk baino konfiantza handiagoa dute eta nekez egingo diegu aurre guk ere konfiantza hori lortzen ez badugu», adierazi zuen.

Ondorioz, «zaleen laguntza eskatu zuen entrenatzaileak. «Gure erritmoa, joko bizkorra ezarri behar dugu, eta horrez gain zaleen babesa ere sentitu behar du partida aurrera aterako badu», amaitu zuen.