Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EUROLIGA

Baskoniaren ispilu izan litekeen Anadolu Efes da aurkaria

Ergin Atamanen aginduetara, azkenean Euroligakoonenen artean kokatu dira turkiarrak, hainbat urteanasmatu ezinik ibili ondoren. Gasteizen aritako Pleiss,Beaubois eta Larkin dira beren oinarrietako zenbait.

Aspaldi ez dela, Anadolu Efes taldeak Saski Baskonian bilatu izan du ispilua. Gasteiza diru larregi xahutu gabe iritsi eta emaitza onak eman ondoren, ondotxo gehiagoren truke Istanbulera bidea egin izan dute, nahiz eta han emaitza hain onik ez eman. Euroligan aurrean ibiltzeko pentsaturiko taldea da Anadolu Efes, eta zanbuluka urte askoan ibili ondoren, badirudi aurten asmatzen ari direla.

Laugarrenak dira oraingoz Euroligako sailkapen nagusian, 7-2 balantzeaz. Ergin Ataman turkiarra dute entrenatzaile, Velimir Perasovicen ordez iritsia, eta morroi berezia izanagatik, ezagun da badakiela zertan dabilen.

Fitxaketekin ere asmatu dute; bereziki birekin. Batetik, Rodrigue Beaubois. Gasteizen bi denboraldi eman ostean, Istanbula joan da eskolta frantsesa eta 13,4 puntu sartuta, bera da Anadolu Efesek duen saskiratzaile finena. Haren atzetik, Bilbao Basketen aritako Adrien Moerman hegal-pibota, frantsesa hau ere, 12 puntu partidako sartuz.

Vasilije Micic antolatzaile serbiarra da bigarren sorpresa positiboa Atamanen taldean. Serbiarra defentsa indartzera ekarri zuten Turkiara Zalgiris Kaunastik, eta batez beste 10 puntu eta 5 asistentzia lortzen ditu. Krunislav Simon hegaleko kroaziarrak osatzen du Efesen kanpoko jokoa eta Tibor Pleiss –Baskonian aritua hau ere–, Dunston eta Motum dira barneko jokoa osatzen duten gainontzekoak.

Orain arte puntu ilun bakarra du Efesek: Shane Larkin. Gasteizen bikain ibili ostean Boston Celticsen izan zen iaz estatubatuarra, baina minuturik gabe geratu zen, eta Istanbulen ere ez da nahi adinakorik egiten ari: 8,3 puntu eta 2,7 asistentzia 20 minutu baino gutxiago jokatuta. Egia da, hala ere gaur arratsaldean, 18.30ean, ohi baino gehiago joka dezakeela, «FIBA leihoak» direla-eta taldeko laugarren antolatzailea, Dogus Balbay, Turkiako selekzioarekin ari baita –atzo Espainiari 71-67 irabazi zioten, bide batez esanda–.

Granger eta Perasovic

Jayson Granger eta Velimir Perasovic, berriz, Istanbuldik Gasteiza bidea egindakoak dira. Uruguaiko antolatzaileak lanak izango ditu Larkin, Micic eta enparauen aurrean, baina berak ere emango die buruko minik.

Velimir Perasovicek, aldiz, joan aurretik garbi ohartarazi zien kazetariei. «Hobeto ari gara jokatzen, baina urruti gaude oraindik errekuperatzen ari garela esateko».