Maitane ALDANONDO
Usurbil

«BIZIMODUA AURRERA ATERA NAHI DUGU, USURBILEN BIZI ETA LAN EGIN»

Usurbilen bulego bat aurkitzeko zuten zailtasunak bultzatuta, herriko langile autonomo talde batek Kabiene elkarlantegia zabaldu zuen. Egitasmo autogestionatu, parte hartzaile eta euskaldun honek lekua nahiz baliabideak eskura jartzen dizkie hamabost kideri.

Elkarlan gunea coworking hitza baino nahiago dute Usurbilgo Kabiene proiektua definitzeko bertan dihardutenek. Usurbilgo langile autonomo talde batek abiarazi zuen 2016an, herrian euren proiektuak gauzatzeko premia komunei erantzuteko. Garapen profesionala ahalbidetzeko gutxieneko tresnak eskainiko zizkien leku bat nahi zuten; eta bi urte geroago, helburu hori bete dute, beste batzuekin batera.

Etxea lantoki ere izateak muga asko dituela ondo dakite Kabieneko sustatzaileek. Izan ere, lana egiteko leku faltan baitu jatorria asmoak. «Denak ataskatuta geunden puntu berean. Usurbil lokal hutsez beteta dago, oso egoera kaskarrean daude, baina oso garestiak dira. Solasaldi tonto batean bururatu zitzaigun bilera irekia egitea egoera berean zeudenak elkartzeko», gogoratu du Abaraska web zerbitzuak ekimenaren atzean den Jon Aizpuruk. Hitzorduan 20 bat lagun batu eta euren egoerari buruzko gogoeta egin zuten. Atzemandako beharrekin diagnosi bat osatu eta Udalari aurkeztu zioten, eskutik, elkarlan gune bat garatzeko. Urte eta erdi luzatu zen tramitazioa, eta ekintzaileetako batzuk aldentzen joan ziren, euren beharrak ez zetozelako bat erakundeen denborarekin.

Hilabete horietan, ordea, ez ziren gelditu. Usurbilen alokairuan, salgai, hutsik edo erabili gabe zeuden lokal guztietan atea jo zutela dio Aizpuruk. Horietako bat, Elhuyar Fundazioarena zen. Ez zen berehala izan, baina egun batean bilera batera deitu eta egoitzaren bosgarren solairua alokatzea eskaini zieten. Zirt edo zart egin eta astebetean han ziren. «Akordio ona lortu genuen. Prezio finkoan beharrean, alokairua progresiboa da. Horrek denbora eman digu pixkana hazten joateko», zehaztu du Origami arkitektura taldeko Julen Arteagak.

Hastapenean, sei kide ziren; egun, hamabost. Interesa zuen edonori baiezkoa ematetik, hautaketa egitera pasatu dira. Parte hartu nahi duenak, bere proiektua aurkeztu behar die kideei, eta baldintza bakarra, gutxienez, euskara ulertzea da; hizkuntza horretan funtzionatzea hautatu baitzuten. Bi aldeak eroso dauden ikusteko, sei hilabeteko proba epea pasatu behar dute. Kontuan hartzen dute proiektuen aniztasuna eta egin dezakeen ekarpena, sinergiak ahalbidetzeko.

Egitura horizontala

Irabazi asmorik gabeko elkartea da Kabiene, autogestionatua eta modu asanblearioan antolatua. Hilero bildu, erabakiak hartu eta helburuak zehazten dituzte. Inguruko coworking ekimenekin alderatuta, kuota txikia da, 75 euro, baina, aldiz, trukean zenbait betebehar dituzte kideek, hala nola, koordinazioa, garbiketa, komunikazioa edota erakundeekin harremanak. Edonola, lehentasuna norberaren lana aurrera ateratzea da, beraz, «ahal den neurrian» banatzen dira lanak. Erabaki estrategikoetako bat izan da emakumeak erakartzea eta ia lortu dute parekidetasuna, izan ere, hamabost kideetatik zazpi emakumezkoak dira.

175 metro koadroko bulegoa da, gehienez hemezortzi lagunentzako tokia duen eremu komunean, office-a, eta bi bilera gelatan banatua. Une honetan, arkitektura taldeak, argazkilariak, ilustratzaileak, idazleak, itzultzaile bat, bideo editore bat, diseinatzaile editorial bat eta web zerbitzua daude. Aurki Hasiz Hazi beka eskuratu duten barne diseinatzaile bat eta jaiotzaren inguruan lan egiten duen emakumezko psikologo bat batuko zaizkie. Udalarekin batera antolatzen duten diru laguntzari esker, bulegoan urtebeteko egonaldia egiteko aukera ematen diote urtero bi ekintzaileri. Kideen profilak askotarikoak dira: bere enpresa martxan jartzeko ilusioa duena, besterik aurkitu ez duena, autonomo faltsua... Estereotipoetatik urruti, ekintzailetza «era xumean» bizi dutela dio Arteagak, «bizimodua aurrera atera nahi dugu, Usurbilen bizi eta lan egin. Horretarako lokal bat nahi genuen, etxea eta lantokia bereizi eta ez erotzeko».

Lanerako espazioaz gain, baliabideak eta esperientziak partekatzeko lekua ere bada, aukera berriak sortuz. Barne sinergiez gain, harreman sarea josten saiatu dira ere inguruko garapen agentzia eta elkar-lantegi batzuekin. Halaber, Nafarroa Behereko Indar garapen zentroko proiektuak eta jarduna ezagutu zuten, eta, era berean, eurek egindakoaren berri eman antzeko zerbait sortu nahi dutenei, esaterako, Bakion.

Aurreikusten zutenaren kontra, bi urtetan, bideragarritasun ekonomikoa eta bulegoa betetzea lortu dute. Sekretuaren parte bat inplikazioa da Aizpururen iritziz. «Hona datorren jendeak badauka normalean parte izan eta parte hartzeko gogoa». Oraingo erronka egonkortu eta kideei ahalik eta baliabide gehien eta onenak eskaintzea da. Proiektuetan ere nabari dute Kabieneren eragina; Arteagak, kasu, argi du: «Ikusten dut ez ginatekeela iritsiko gaur egun garenera Kabienegatik ez balitz, eta uste dut beste batzuei ere berdina pasatzen zaiela».