Fardelak, jopuntuan

Gobernu frantsesa arduratuta dago fardelekin. Asteazken goizean fardel ekoizleak bilera batera deitu zituen osagai kimiko batzuk erabiltzeari utz diezaioten, alergiak eragin ditzaketelakoan; baita kalte eta eritasun larriagoak ere, minbiziak esate baterako. Elikadura, Ingurumen eta Laneko Osasun Segurtasunaren Agentzia frantsesak (ANSES) eginiko ikerketako ondorioak dira horiek.

Agentziako zuzendari nagusi delegatu Gilles Salvaten arabera, 60 bat produktu kimiko topatu dituzte fardeletan eta horietako batzuek arriskutsutzat jo ahal izateko ezaugarriak dituzte, batik bat lurrintzeko eta usain gozoa emateko erabiltzen direnek. France Info irratiari adierazi dionez, «alergiak eta kalte handiago horiek» txizak berak eragingo lituzke substantzia horiekin bat egin eta larruazalarekin denbora luzean kontaktuan egotearen poderioz. Hala ere, aitortu zuen arrisku horiek oraindik ez direla guztiz egiaztatu zientifikoki eta azterketa gehiago egin beharko dituztela.

ANSESen gomendioei jarraiki, Gobernuak eskari zehatz bat egin die ekoizleei: lurrindun sustantziak ez ditzatela erabili gehiago eta osagai naturalak hobeto kontrola ditzatela.