Andoni ARABAOLAZA
ALPINISTA

«Mendiaren adar guztiak gustuko ditut. Batez ere, alpinismoa»

Pilier Central du Freney (Mont Blanc-eko mendilerroa) 16 urterekin egitea ez da batere ohikoa. Eta hori lortzeko aukera izan zuena hurrengo lerrootako protagonista urduñarra dugu. 18 urte ditu egun, eta alpinismoan erabat zentratuta dago. Mendiaren zaletasuna gurasoek transmititu diote; eta hain zuzen ere, datorren udaberrian, aitarekin Ama Dablamera espedizioa egingo du.

Elkarrizketarekin hasteko, mendiko zein ataletan kokatu behar dugu Tasio Martin? Eskalatzailea, eskiatzailea, alpinista, mendizalea… Zer zara?

Alpinista.

Nahiz eta zuk zeure burua hala definitu, uste dut irakurle askok eskaladako lehietan eginiko ibilbidearekin lotzen zaituela. Baina, zure hastapenak non izan dira: eskaladan, mendian…?

Zalantzarik gabe, gurasoak zutabe izan dira nire hastapenetan. Oso txikitatik hasi nintzen haiekin mendian. Hasieran, etxeko mendietan; ondoren, Pirinioetan. 10 urterekin, bizkar-zaku eta guzti, Aneto edo Vignemale neguan igo nituen. Mendiak igotzeaz gain, makina bat zeharkaldi egin ditugu elkarrekin. 6 urterekin ere zintzur-jaitsieraren bat edo beste egin nuen. Abentura zen!

Gurasoek esaten didate oinez ibili hasi aurretik boulderra probatu nuela. Eskalada, berez, 8rekin probatuko nuen, eta segituan, Atxarten, hasi nintzen sokaburu nire lehen bideak egiten. Garai haietan uste dut kontziente nintzela mendia zein eskalada gustuko nituela.

2010. urtean, Alpeetan zein Nepalen zeharkaldi edo trekking bana egin nuen. Beti gurasoekin. Argi neukan mendia nire eremua izango zela. Eta ordutik beste aktibitate batzuetan buru-belarri ibili naiz: eskalada lehiaketak, entrenamendua, alpinismoa…

Zure ibilbideari errepasoa egingo diogu, eta hasi eskalada lehiekin hasiko gara. Lehia horietatik zerk erakartzen zaitu?

Hamabi urterekin-edo, Bizkaiko eskolarteko lehietan hasi nintzen. Ondoren, Euskal Herriko zein Espainiako mailakoak iritsi ziren. Blokeak motibatzen ninduen, batez ere entrenatzeko eta helburuak zehazteko. Lehietako eiterik erakargarriena da jendea ezagutzen duzula. Lehiaren ondoren, elkarrekin eskalatzera joaten ginen. Ez da soilik konpetitzea, inguruan sortzen den giroak gehiago erakartzen nau.

Bestalde, onartu behar dut ez dudala kristoren maila izan. Eta, gainera, inguruan nituen lehiakideak oso-oso indartsuak ziren. Argi neukan lehietan urte batzuk egingo nituela eta gero, nolabait esatearren, utzi. Eta hori diot, mendia helburu dudalako.

Alabaina, garaipen bat edo beste, eta podium batzuk lortu dituzu. Emaitzaren bat azpimarratuko zenuke?

Bi. Lehena, 2017. urtean, 18 urtez azpikoen mailan, Euskal Herriko Bloke Txapelketa irabazi nuen. Eta bestea, Espainiako Txapelketan, zailtasunean, sinatutako bosgarren postua.

Zailtasun probak ala blokekoak?

Sokarenak, boulderra askoz ere gutxiago egin dut. Hala ere, blokekoak oso dibertigarriak dira: bloke piloa jartzen dituzte, den-denak beste lehiakideekin partekatzen dituzu… Sokarekin, berriz, bide gutxi jartzen dituzte, eta, gainera, ezer gutxi eskalatzeko aukera duzu. Bestalde, esan behar dizut lehiak albo batera utzi ditudala. Ez nabil horretarako entrenatzen eta ez dira nire helburuak.

Kirol eskaladara egingo dugu salto. Ez duzu muturreko biderik egin, baina ondo moldatzen zara.

Hala da. Baltzolan, adibidez, 8a+ bat bost saiotan egin dut. Eta Gaubean 8a bat egunean. Emaitza horiek eta bistan 7c egiteak pozten naute. Finean, kirol eskalada sasoiko jartzeko erabiltzen dut. Motibatuta jarduten dut, baina gero eta gutxiagotan hartzen dut helburu zehatz bat. Egun ez dut proiektu zehatzik. Iaz, adibidez, 8b bat probatu nuen; motibatuta nengoen.

Gehien motibatzen nauena bistan eskalatzea da. Jakin badakit arlo hori indartzen badut, mendian era eraginkorragoan jardungo dudala.

Eskalada aipatzen ari garela, hilabete batzuk Ingalaterran egin berri dituzu. Hango eskalada tradizionala probatu al duzu?

Oso-oso gutxi. Neguan egon naizenez, den-dena bustia zegoen. Lanak eta eguraldi kaskarrak gehiago egitea galarazi didate.

Eskaladarekin jarraituko dugu eta beste jauzi bat egingo dugu: hormetan egiten den eskaladara. Bizkaitarra izanik, ziur aski Europako Mendietara gehiago joan zara. Eta badirudi, Picu Urriellurekin erabat harrapatuta zaudela. Eta diot mendi enblematiko horri bisita ugari egin dizkiozulako. Gainera, jarduera oso interesgarriak egin dituzu: lau aurpegiak egun berean, “Directisima” bidea (7b, 550 m)…

Bai, harrapatu nauzu: Picu Urriellurekin engantxatuta nago [kar, kar]. Badu zer edo zer berezia; ikaragarria da! Lehen aldiz 15 urterekin bisitatu nuen, eta bide klasikoak eskalatu nituen. Saiatu nintzen lau aurpegiak egunean egiten, baina “Pidal-Cainejo”-n ekaitzak harrapatu eta jaitsi ginen. Kristoren beldurra pasa nuen. Duela pare urte, berriz, helburu hori biribiltzea lortu nuen. Bietan ala bietan Eukeni Sotorekin lotu nuen soka gerrira. Lehen saioan den-dena bigarrenez egin nuen, baina hurrengoan, luze guztiak partekatu genituen.

“Norte oculto”-rekin arantza bat geratu zait. 2015. urtean ere, “Gizon berri bat naiz” eta “Directisima” eskalatu nituen, baina kateatu gabe geratu ziren.

Eskalada alpinoa aipatu dugunez, galdetu behar dizut iaz Thagiara eginiko bidaiaz.

Esango nuke egin dudan lehen “espedizioa” dela. Lagun batzuk elkartu eta den-dena geure kabuz egin genuen. Horrek asko bete ninduen. Horretaz gain, azpimarratu nahiko nuke bidaia guztia oso aberasgarria izan zela: hango kultura, jendea …

Dagoeneko, hormetan zure lehen bideak zabaltzeari ekin diozu. Balaituseko hego paretan, adibidez, iaz zeure aitarekin “Espero que me suelto” (6c, 220 m) sortu zenuen. Gainera, era garbian. Berezia izan al zen aita alboan edukitzea? Nola sortu zen asmo hori?

Duela urte batzuk zeharkaldi bat egiten ari ginela, hormak ikusterakoan, aitak eta biok esan genuen egunen batean bideren bat zabaldu beharko genukeela. Colomersen, adibidez, baten bat fitxatu genuen, baina ohartu ginen batzuk irekita zeudela. Asmoa bertan behera utzi genuen.

Beste alternatiba bat bilatzen egon ginen. Gurasoekin “Crestas del Diablo” delakoa egin genuenean, Balaituseko horma hori ikusi, informazioa eskuratu, bide batzuk zeudela ohartu… Baina, halere, balizko bi marra aztertu genituen. Horietako batean aita eta biok sartu eta zuk aipatu duzun bidea sortu genuen. Bai, oso garbia atera da. Txapak sartzeko zulagailua eraman bai, baina motxilan geratu zen. Soilik bileretan pare bat iltze utzi genituen. Geure asmoa bosgarren mailako bide bat zabaltzea zen, klasiko bat, baina azkenean ikusi dugu estutu behar dela.

Horretaz gain, Asonen proiektu bat dut. Lau luze zabaldu ditugu, eta beste hiru faltako dira.

Aipatu didazu zeure burua alpinista bezala definitzen duzula. Eta hain zuzen ere, jarraian arlo hori jorratuko dugu. Orain arte jorratu ditugun mendiko adar horiek guztiek balio izan dizute alpinismoan ere ondo ibiltzeko?

Zalantzarik gabe, bai. Gainera, uste dut ohiko ibilbidea egiten ari naizela: kirol eskaladan hasi, paretara salto egin, hauetan logistika ikasi, hormetan bideak zabaldu, hobetzen joan … Honek guztiak ezagutza eman dit alpinismoan ondo jarduteko. Esan dudan bezala, bide logikoa izan da.

Bai, logikoa bada, baina 16 urterekin Pilier Central Du Freney (MD+, 600 m) eskalatzea ez da batere ohikoa!

[Barreak] Bai, Alpeetan egin dudan jarduera inportanteenetarikoa da. Kristoren jipoia hartu nuen. Denera, hiru bibak egin genituen; lehena, paretan. Denboraldiko nire lehen eskalada alpinoa zen, elur asko zegoen, katu-oinekin apenas eskalatu genuen… Eta jaitsieran leher eginda nengoen. Orain aztertuta, bai, 16 urterekin egitea ezohikoa da.

Pirinioetan ere gustatu zaizkidan bide batzuk egin ditut. Foraton, adibidez, “La via del pastor” oso ona iruditu zitzaidan. Urrun dago, mistoko pasarte ederrak ditu… Ziur aski bide hori zailtasuneko nire lehena izan da.

Izotz-eskalada ere gustuko dut. Duela lau urte La Grave inguruan egon nintzen. Gavarnien bi negutan eskalatu dut. Horietako batean hiru murruak igo nahi genituen, baina eguraldia okertu eta “Alois”-en ez ginen sartu.

Ni neu, bederen, harritzen nau hain gazte izanik mendiko benetako adar ugari menderatzen dituzula ikusteak. Zer diozu?

Egun, kontziente naiz; agian, urteen poderioz, gehiago. Menditik nator, eta denetarik gustatzen zait. Adibidez, asko eskiatu dut. Eski estazioetan asko ikasi dut, pistaz kanpo asko ibili naiz, eta eskarmentu horri esker mendiko aldats tenteetan jarduteko aukera izan dut. 40°-45°-ko korridore bat jaitsi dut.

Amaitzen ari gara, eta onartu behar dizut hurrengo gaiarekin berriro ezustean harrapatu nauzula. Laster batean, udaberrian, aitarekin Ama Dablam mendira (6.000 m) joango zara. Uste dut espedizio horrek istorio bitxi bat baduela, ezta?

Hala da. Ni oraindik ez nintzen jaio ama eta aita beste kide batzuekin batera mendi horretara joan zirenean. Eskalatzen ari zirela, aitaren bizkar-zakua mila metro behera joan zen, eta kanpaleku nagusira jaitsi zen. Amak eta bi kidek gailurra erdietsi zuten bitartean, aita gora abiatu zen berriro. Haiekin elkartu, baina leher eginda zeudenez, tontorrera joan beharrean jaitsieran lagundu zien.

Arestian aipatu dudan bezala, 10 urterekin, gurasoekin Nepalen trekking bat egin nuen. Ama Dablam ikusi eta esan nien nik ere eskalatu nahi nuela. Hor sortu zen txinparta. Duela bi urte, aitari proposamena egin nion eta hark baiezko erantzuna eman zidan; arantza kentzeko “aitzakia” polita zen.

Ze asmo duzue?

Bide klasikoa eskalatu nahi dugu, baina denboraldia hasi baino lehen joango gara. Bide hori soka finkoekin ekipatu baino lehen gu eskalatzen egongo gara. Mendi hori gure erara egin nahi dugu: soilik bi lagun, estilo alpinoan, soka finkorik gabe… Era horretara mendiak askoz ere zailtasun handiagoa du, bai, baina horrek motibatzen gaitu. Hori da alpinismoa.