GARA
IRUÑEA

Artzainak ardatz Iñaki Vergararen eta Ion Orzaizen erakusketan

Artzainen bizitza, Iñaki Vergara argazkilariaren objektiboaren eta Ion Orzaizen testuen bidez; horiexek dira Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Museoko erakusketa berriaren osagaiak.

“Artzaina: tradizioari lotutako bizitza” erakusketa martxoaren 29ra arte ikusten ahalko da, asteartetik ostegunera 10.00etatik 13.00etara eta 18.00etatik 20.00etara, eta, ostiraletan, 10.00etatik 13.00etara. Argazkilaritza-lan etnografiko honen bidez, Iñaki Vergarak eta Ion Orzaizek gure mendi eta haranetan desagertzen ari den bizimodu bat ezagutarazi nahi dute: artzainarena, tradizionalki ulertu den moduan, hots, bizimodua mendian eginda, gogortasun eta arrisku guztiak barne. Gure lurrari loturiko eta tradizioari errotutako bizimodua ekarri nahi da gogora, ogibide gogor hori ahanzten ari den honetan. Lan horren bidez artzaintza tradizionalak oroimenean bizi-bizi jarrai dezan lortu nahi da.

Erakusketaren gaia bat dator Jasangarritasun Eskolak neguko denboraldian lantzen duenarekin, “Lurraren tradizioak, Lurra sentitzeko eta maitatzeko modu bat” izenburupean. Horren abiapuntua ideia hauxe da: egun, neguaren etorrera etxean egotearekin lotzen da, suaren beroarekin eta gaztaina erreen zaporearekin; biztanle gehienak, baina, lurraren usadio eta tradizioetatik urruti dauden erritmo eta bizimoduekin bat bizi dira hirietan. Are, landa eremuetan ere aldatu dira bizimoduak eta lurrarekiko harremanak. Horretxegatik, jarduera-ziklo berri honen bidez aukera eman nahi da bizimodu tradizionaletara hurbildu eta Lurrarekin konektatzeko, hartara ulertzeko zein garrantzitsua den bizitoki dugun lekua ezagutzea, ezagupen zientifiko eta teorikoez harago.