GARA
DONOSTIA

Donostiako Parte Zaharreko eragileek ekipamendu gabezia salatu dute

Auzogintza, kulturgintza eta formakuntzarako espazioak eskatzen dituzte bizilagunek. Espazio falta argudiatu izan diete Donostiako Udaletik, baina beraiek frogatu dute badaudela horretarako erabil daitezkeen guneak. Lan mahai bat osatu dute egoera sakonki aztertzeko.

Donostiako Parte Zaharreko bizilagunek osatutako bederatzi talde eragileren ordezkariak Konstituzio plazan elkartu ziren atzo, auzoan pairatzen duten ekipamendu falta salatzeko asmoz. Egoera horrek kezka sortzen diela ere azaldu nahi izan zuten. «Gure auzoak bizi duen bilakaera eta ekipamendu falta orokorra dela eta, benetan kezkatuta gaudela esanez hasi nahi dugu», adierazi zuten.

Egoera horren aurrean bizilagunak elkartu egin dira eta hainbat azterketa egin dituzte soluzioak bilatzeko asmoz. Era berean, lan mahai bat osatu dutela ezagutzera eman zuten. «Aurrerago lanon ondorioen berri emango dugu, baina gure artean orain arte landutako gai baten berri eman nahi diogu iritzi publikoari», iragarri zuten.

Parte Zaharreko eragileen ustez, auzoa pairatzen ari den bilakaera dela eta –turistifikazio masiboa, auzotarrek alde egitea, biztanle galera, adinez zahartzea…–, «bere izaera eta auzo-bizitza indartzeko premia larria du Parte Zaharrak, eta, horretarako, besteak beste, adin ezberdinetako auzotarrok elkartzeko, eztabaidatzeko, sortzeko eta harremanak saretzeko ekipamenduak behar ditu. Ez dago zalantzarik».

Bizilagunen iritziz, ez dute erreferentziazko gune egonkorrik auzo-bizitza bideratzeko ezta auzogintza, kulturgintza eta heziketa ez formal zein informaleko jarduerak garatzeko ere. «Gune horien bila egindako ibilbidea luzea da eta beti oztopo berarekin egin dugu topo, erantzun bera eman digute behin eta berriz: Parte Zaharrak ez duela horrelako eskaintza berma dezakeen eraikinik, hain zuzen». Deitzaileek, ordea, funtzio hori bete dezaketen eraikin publikoak badaudela uste dute, baina bestelako zeregin pribatuetara bideratu izan direla eta bideratzen direla egun ere.

«2018ko irailean, hamabi urtez hutsik eta erabilpenik gabe egondako Kaialde eraikinean sartu zen Parte Zaharreko Gazte Asanblada. Txukunketa lanetan gogotik lan egin ondoren, auzoari ateak ireki eta bertan ekimen asko eramaten ari dira aurrera», kontatu zuten. Bertan, bizilagunek hitzaldiak eskaintzen dituzte, eta, eragileek, bilerak. Era berean, joskintza, xaboigintza, zirku, kick boxing, astronomia eta sukaldaritza tailerrak eskaintzen dituzte, baita filosofia mintegia, bertso eskola, poesia emanaldiak, zine foruma, topaketak eta arte sormeneko jarduerak ere. Literatur lehiaketa eta dantza, antzerki, pailazo, mago eta zirku saioak egin dituzte.

Donostiako Udalari eskaera

Eurena egin duten txoko horretan haurgunea, haurrentzako tailerrak, liburu aurkezpenak eta musika emanaldiak ere antolatu izan dituzte. «Auzoaren bizitza saretzeko aukera izaten ari da bertan hainbat eragile, eta aipatu dugun hutsuneren parte bat betetzen ari da egunez egun», adierazi zuten.

Udalak hain kutun duten eta urteetan hutsik egondako eraikina «berreskuratzeko» espediente bati hasiera eman diola jakinarazi zuten bizilagunek agerraldian. Bertan egiten diren jarduerak egiteari uzteko ere eskatu die. «Guk, berriz, espedientea bertan behera uztea eskatzen diogu Udalari, eta, horrekin batera, adosturiko konponbide bat bilatzea Kaialde eraikinak auzoarentzat izaten jarrai dezan», proposatu zuten.