Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Itzalperatutako emakume erreferentzialen bozgorailua

Azeleragailutik oina altxa eta, gizatiarragoa den erritmo batean, elkarri eskutitzak idazteko beta eman diete euren buruari Goizalde Landabaso eta Garazi Goiak. Bizitzaz hitz egin dute, eguraldi goibelaz, baina, batez ere, emakumeez, gizonek idatzitako historiak aintzat hartu ez dituen autore erreferentzialez. «1.362 km euri» da gutun-truke horren emaitza.

«Asmoa zen komunikazio ariketa ezberdin bat egitea, bizitzak eskuetatik ihes egiten digun honetan besteen bizitzen simulakroak soilik iristen zaizkigulako Whatsapp bidez-eta, baina benetan ez dakigu euren bizitzetan zer gertatzen den». Goizalde Landabasok aipatzen duen gogoeta hori baliatu dute berak eta Garazi Goiak gerora “1.362 km euri” (Elkar) argitalpena osatzeko. Bilbotik lehenak eta Londresetik bigarrenak, elkarri gutunak trukatuz eman zuten 2017ko uztailetik 2018ko uztailera bitarteko urtea; bada, esperimentu hartan bildutako gutun, iritzi eta gogoetek osatzen dute liburua.

Eskutitz horietan bizitzaz, eguneroko kontuez, eguraldiaz –hortik, eta bien arteko distantziatik, argitalpenari emandako izenburua– eta batez ere gizonezkoak idatzitako historiak desagerrarazi dituen arren erreferentzialak izan diren emakumeez idatzi diote elkarri, ardatz bezala galdera bat hartuta: bigarren bizitzarik izango bazenu, zein emakume izan nahi zenuke?

Landabasoren hitzetan, emakumeei ez zaie lekurik esleitu historia liburuetan eta berak eta Goiak egin duten «dokumentazio lan handiak» argi utzi die emakumezko erreferentzialak, egon, «asko» egon direla. «Egungo emakumeek badituzte erreferentziak, baina horien bila joan egin behar dute, gizon erreferentzialez bonbardatzen gaituzten bitartean», ziurtatu zuen liburuaren aurkezpenean.

Adibide gisa, Frida Kahloren ahizpa Cristina, Tina Modotti edo, etxera etorrita, Maurizia Aldeiturriaga aipatu zituen. «Nire harridurarako, Euskal Herrian askok ez dute ezagutzen Maurizia pandero-jotzailea, ezta Eulalia Abaitua ere, XIX. mende hasierako eta XX. mende bukaerako Euskal Herriko irudi gehienak bereak badira ere». Goiak Paula Modershon-Becker eta bere biografo izan zen Marie Darrieussecq aipatu zituen: «Emakume biluzien koadroak egin zituen lehen emakumea izan zen, baina itzalean geratu zen. Artista izatearen, amatasunaren eta erronka pertsonalen barne borroka hori ere izan zuen. Bizitza liluragarria izan zuen, baina ez zen ezagun egin. Azkenean ama izan zen; haurra izan eta 18 hilabetera hil zen», azaldu zuen Goiak. Edo Lydia Delectorskaya: «Matisse margolariaren hirugarren eskua izan zen artistaren bizitzaren azken hogei urteetan. Bizitza osoa eman zuen harekin eta bera da Matisseren koadroetan gehien agertzen dena». Matissek oparitutako 90 koadro pilatu zituen margolariak, San Petersburgoko museoari utzi zizkionak dohaintzan. «Horrelako emakumeek –jarraitu zuen– urrats handia jarri zuten historian, baina jendeak ez daki nor diren, eta asoziazio hori egin behar dela uste dugu».

Gutun bakoitzeko emakume erreferentzial bana –gehienak artearekin lotutakoak– hartu dute ardatz, gogoeta bideratzeko. Baina kontakizunean zehar sentipen intimoagoak, uneko kezkak eta gutun trukeak eragin dizkien gogoetak ere plazaratu dituzte. «Nik, pertsonalki, ametsen atzetik joateak duen garrantzia azpimarratu dut, eta emakume horiek hori egin zutela uste dut», ondorioztatu zuen Goiak, eta bere idatzietan atzerrian bizitzeak sorrarazten dizkion sentipenez eta amatasunaz ere idatzi duela zehaztu zuen.

Argitalpenean aipatzen dituzten emakume gehienak aurrez ezagutzen bazituzten ere, askorekin «sorpresa» hartu dutela eta prozesuak beste hainbaten biografian sakontzeko balio izan diela esan zuten autoreek, baita “1.362 km euri” eskuartean duen orok bide bera jarraitzea nahiko luketela ere: «Emakume batek beste batera eramaten zaitu, konturatzen zara piloa daudela baina ez ditugula ezagutzen».

Bide horretan sakontzeko, Loraldirako ikuskizuna prestatzen ari direla ere iragarri zuten: lehen emanaldia martxoaren 31n egingo dute, 12.00etan, Bilboko Itsas Museoan.