Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Lan gatazkak, Donostia Antzerki Sariaren itzalpean

Vaiven Produkzioak-en «Sherezade eta tipularen azalak» lanari eman diote Donostia antzerki saria, baina obra ez da, ohiko moduan, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean oholtzaratuko: hala iragarri zuten sariaren aurkezpenean eta, orain, aktore taldeak salatu du erabakiaren atzean lan gatazkak daudela. Vaivenek ere eman du gertakarien bere bertsioa.

Ezohikoa izan da aurtengo Donostia Antzerki Sariaren iragarpena: saria Vaiven Produkzioak konpainiaren “Sherezade eta tipularen azalak” lanak eskuratu du eta ohi bezala martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, lantaldea Victoria Eugenia antzokian izango da saria jasotzen, baina ez dute obra oholtzaratuko. Sariaren aurkezpenean bira jada amaitutzat emana zutela jarri zuten obra ez antzezteko aitzakia gisa, kazetarien harridurarako, baina “erabakia”ren sustraiak atzo hasi ziren lurrazala haztatzen, antzezlaneko aktore taldeak komunikabideetara bidalitako oharra akuilu hartuta.

«Lan baldintzen gatazkarekin arrastaka ibili gara antzezlanak izan duen ibilbide osoan. Gure lana ez da ekonomikoki baloratua izan eta tamalez ez dira baldintza minimoak bete. Iruditzen zaigu konpainia profesionalek ardura garrantzitsu bat dutela diruaren gestioan, aktoreak –beraz, langileak– behar bezala ordaintzeko eta zaintzeko», salatu dute Xabi Donosti, Miren Tirapu eta Iraia Elias aktoreek aipatu oharrean, eta bide horretan «horretarako baliabide guztiak dituzten (laguntza ekonomiko publikoak jasotzen dituzten) kontsagratutako konpainiek eredu izan» beharko luketela adierazi dute.

Konpainiarekin martxoaren 27ko saioa bideratzeko negoziaketa berria egiten ahalegindu direla ere adierazi dute, «ordura arte jasotako tratuari buelta eman eta emanaldia duintasunez egin ahal izateko itxaropenez», baina ez dute akordiorik erdietsi.

Era berean, gertaera honek euskarazko antzerkigintzan hausnarketa bat iretzeko balio dezan eskatu dute: «Gai honek berebiziko kezka sortzen digu, euskarazko bertsioek batzuetan izaten duten babes eta denbora eskasaz jabetu ahal izan garelako. Euskararen testuinguruan ematen den Donostia Antzerki Saria bezalako ekimen prestijiotsu baten baitan honen inguruan gogoeta egin beharko litzatekeela uste dugu».

Negoziazio mahaiaren beste aldean egon da Ana Pimenta, Vaiveneko zuzendaria. GARAren deiari erantzunez, Pimentak kontraoharra kaleratu du bere bertsioa emateko.

Konpainiaren hitzetan, aktoreen lan baldintzak beraiekin adostu ziren «era zurrunean» eta Euskal Aktoreen Batasunaren eta Eskenaren lan akordioetara egokitu da haien egoera. Lan prozesuan egindako entseguak «intentsoak» izan zirela argudiatu du konpainiak, baina aktoreek egoera «gogotsu» hartu zutela dio. «Aktoreen eskariari erantzunez, haien cache artistikoa igotzea adostu zen antzezlanaren hainbat emanalditan». Nolanahi ere, obrak ez zuen, haien hitzetan, espero bezalako harrerarik izan. Donostia Antzerki Sarirako negoziaketa berreskuratu zela dio konpainiak, baina akordiorik ez zutela erdietsi gaineratu du, haiek sariaren erdia galdegiten zutelako.