Ibai AZPARREN
21. KORRIKA

IRUñEA EUSKARAREN HIRIBURU BIHURTU DU KORRIKAK

ELURPEAN EKIN ZION KORRIKAK 3. EGUNARI, BAINA EGUZKIA ATERA ZEN IRUñERRIAN SARTU AHALA. ZAZPI ORDUZ IBILI ZEN ESKUALDEAN EUSKARAREN ALDEKO LASTERKETA, ETA UDALETXE PLAZAN IZAN ZUEN UNE GORENA; JENDETZAK, PEñEK ETA MUSIKAK TXUPINAZO GIROA ZEKARTEN GOGORA, HORI JAURTITZEKO HIRU HILABETE ESKAS FALTA DIRENEAN.

Pirinioetako elur eta hotzaren gainetik Korrika geldiezina dela frogatu zuten atzo euskararen alde korrika egin zutenek. Iruñerrirako iragarrita zegoen eguraldia kezkatzeko modukoa zen, baina blai eginda bukatzeko beldurra lehenengo eguzki izpiek uxatu zuten, auzoetan eta milaka lagunen babespean “Klika” egiteko deia hedatzen zen bitartean.

Eguerdiko euria atertuta eta oskarbituta, Korrikaren furgoneta Planetariotik pasatu zen atzetik ehunka lagun zituela. Bertan Nafarroako LABeko bozeramaile Imanol Karrerak hartu zuen lekukoa, gehiengo sindikalaren izenean. Atzo Huerta de Peraltatik gertu izan zuen kilometroa LABek, esangura handiko gunea. Hala ere, Iruñea ere berezia da Karrerarentzat. Bozeramaileak, lekukoa hartzeko korrika hasi zen bitartean, «langileok ere euskararen alde» daudela eta euskara lanean ere bultzatu behar dela adierazi zion GARAri.

Bitartean, Iruñeko Alde Zaharrean atzoko egunean aspertzea zaila zela agerian utzi zuten milaka pertsonak, ekimen ugari antolatu baitzituzten: hamaiketakoak, bazkari herrikoiak, dantza saioak eta, noski, poteoa. Izan ere, 17.00etan iristekoa zen arren, lehenago iritsi zen Korrika eta, sinkronizatutako ekintza izango balitz bezala, edaria barran utzi eta korrika egiten hasi ziren furgoneta harrapatu nahian. Gure erritmora.

«Hainbat tokitan harrapatu nahi dugu eta estrategia planifikatzen ari gara», azaldu zuen Amaiak. AEK-ko langilea bizkaitarra da eta «plan bikaina» iruditu zitzaion larunbatean Iruñera etortzea, nahiz eta kaleekin galdu samar egon. Izan ere, hainbat buelta eman zituen Korrikak Alde Zaharrean barna.

Zapateria eta Txapitela kaleak zeharkatuta, Gaztelu Plazara iritsi zen Korrika, eta ondoren Nafarroako Artxibo Nagusitik Iruñeko udaletxeraino heldu zen. «Lagunekin etorri naiz udaletxera, kristoren giroa egongo zela esan didatelako. Konbentzitu naute», adierazi zuen Ikerrek, San Jorge auzoko bizilagunak.

Iruñean ere euskaraz bizi nahi dutela argi utzi zuten hiritarrek, udaletxean pilatuta zeudenek behintzat. Uztailaren 6a izango balitz bezala, Udaletxeko Plaza leporaino bete zen urrunean bozgorailuaren soinua gero eta gertuago entzuten zen bitartean: «Ttipi, ttapa, badator Korrika».

Gauean jarraitu zuten txarangek, peñek eta kaleko giroak sanferminak ekarri zituzten gogora, edo, gutxienez, jaiak iristeko gogoa dagoela.

Heldu, gazte, haur, euskaldun zahar, euskaldun berri, ahobizi, belarriprest eta “belarri-berriak” ere elkartu ziren Udaletxe Plazan, nahiz eta ehunka haur-aulkitxok jendea igarotzea galarazten zuten. Barkatuta daude haurrak, hizkuntza honen etorkizuna beraien esku baitago. Gurasoena, ordea, beste kontu bat da.

Bestalde, gaztetxe baten aldeko zein Altsasuko gazteak askatzeko oihuak entzun ziren, bereziki jendeak Bel Pozueta eta Antxon Ramirez del Alda petoa soinean korrika egiteko prest ikusi zituenean.

Lekukoa, Asironek

Korrikarako gertu zegoen Joseba Asiron ere, Iruñeko Udalak hartutako kilometroan lekukoa hartu behar baitzuen, 20. Korrikan egin zuen moduan. Zinegotziekin batera, Asironek lehenengo Korrika 80ko hamarkadan bizi izan zuela adierazi zuen: «Ez dakit zenbat urte geroago hemen, Udaletxe Plazan, lekukoa hartzea oso polita da».

Horren harira, aurtengo Korrika «oso jendentsua» izan dela azaldu zuen eta Udalak euskararen alde eman dituen pausoez galdetuta, «elebitasuna Udaleko ekitaldi guztietan» sartu eta «euskararen ordenantza berria bultzatu» dutela nabarmendu zuen, «legealdi hau euskararen normalizaziorako pauso garrantzitsua» izan dela gaineratuz.

Udalaz gain, Euskarabideak Gobernuaren izenean eraman zuen lekukoa Zabalgune kalean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Arrosadian eraman zuen. Nafarroako Parlamentuko kideak, aldiz, Orreaga etorbidean azaldu ziren.

Peñek ere ordezkaritza izan dute Korrikan; Bullicio, Aldapa, Anaitasuna, Donibane edo Los de Bronceko kideak ere ibili ziren korrika. Gure Esku Dagok eta Volkswageneko kideek kilometro bat hartu zuten Arrotxapea eta Mendebaldean, baita lerro hauetan sartzen ez diren hamaika elkarte, agintari eta kuadrillak.

Hizkuntza eskubideak oraindik ere zatikatuta dituen lurraldean, euskal hiztunen eskubideak toki orotan errespetatu behar direla aldarrikatu zuten atzo euskararen hiriburu bihurtu zen hirian.

Ondoren, Alde Zaharra atzean utzi eta Arrotxapea, Antsoain, Txantrea, Burlata eta Atarrabiarantz abiatu zen Korrika. Iruñerriko azken geltokia Uharte izan zen, Nafarroako erdialdeko eskualdean zazpi ordu igaro eta gero. Korrikak berriz Ipar Euskal Herria bisitatuko du gaur. Haria soilik Gasteizen eten dadila.