Haritz Larrañaga
21. KORRIKA

LEHEN ALDIZ BOKALERA IRITSI ZEN EUSKARAREN ALDEKO KORRIKA

EGUN OSO BAT BEHAR IZAN ZUEN KORRIKAK IPAR EUSKAL HERRIA ALDERIK ALDE GURUTZATZEKO. KORRIKALARIEK MOREZ MARGOTU ZITUZTEN ZUBEROA, NAFARROA BEHERE ETA LAPURDIKO ERREPIDEAK. ETA LEHEN ALDIZ, BOKALERA IRITSI ZEN EUSKARAREN ALDEKO LASTERKETA. LEKUKOAK ATURRI ETA BIDASOA IBAIAK ZEHARKATU ZITUEN.

Gauerdia pasata iritsi zen Nafarroa Behereko lurretara Nafarroa Garaitik zetorren 21. Korrika. Orreagako elur malutak euri bilakatu ziren Luzaiden, eta goizaldeko 3.00etan, euriak atseden hartu ez bazuen ere, jendez bete ziren Donibane Garaziko karrikak.

Zuberoako hiriburuan ere «itzelezko giroa eta jendetza» izan zela nabarmendu zuen Arnegitik Donapaleura korrika joan zen Donibane Garaziko herritar batek. Garagardo bat eskuan zuela, bart atzean utzi zituen lagunekin mintzo zen. «Oxkaxeko igoera ontsa egin dut, baina jaitsiera gogorra izan da», aitortu zuen 40 urteko korrikalariak.

Lagunen artean, baziren Nafarroa Behereko hiriburuan korrika egin ostean lotara abiatu eta biharamunean Donapaleun berriz martxara atxiki zirenak. «Haurrak gustura dira bi bider korrika egin dutelako, baina gu akituak gara», nabarmendu zuen guraso batek.

Baiona morez jantzi zen

Donapaleun ere, euria ari zuen arren, giro bikaina zen. Joaldunek lekukoa hartu zuten unea «bereziki ederra» izan zela nabarmendu zuen bere hiru haurrekin laster egin ostean arnasa hartzen zuen emazte batek.

Kanbon politikariak izan ziren protagonista. Arratsaldeko 15:30 aldera iritsi zen lekukoa eta eskuz esku pasatu zuten zenbait erakunde publikotako ordezkariek. Garapen Kontseiluak, Udalbiltzak, Auzapezen Biltzarrak zein Euskal Elkargoak 733. kilometroa egin zuten, eta Jean-Rene Etchegaray lehendakariak ekimenaren garrantzia azpimarratu zuen.

Korrika Lapurdiko hiriburura iristen zen heinean lainoak desagertu eta eguzkia indar hartzen hasi zen. Horrela, Baionako erdialdera iritsi zenerako eguraldi ezin hobea zen nagusi eta ordura arte itxita zeuden leiho gorri eta berdeak ireki zituzten baionarrek. Artean, karrikak morez janzten ari ziren Ipar Euskal Herriko hiriburuan. «Haur bat bezala sentitzen naiz», zioen goizean Donoztirin korrika egin zuen bertako Maider izeneko neskato batek.

Jende gehiena Roland Barthes lautadan ezarri zuten karpan bildu zen, baina eremu hura ere guztiz hustu zen arratsaldeko seietan, Korrika heltzear zela peto moreak saltzen zituen furgonetak geldialdia egin zuenean. Saltoki handietan beheraldiak hasten direnean bezala gerturatu zen jendea txalekoak eskuratzera.

Multzo morea globo bat bezala puzten joan zen Baionako erdigunea zeharkatu ostean, eta herriko etxera iritsi zenean beste multzo handi bat batu zen. Santespirituko zubia morez margotu zuten euskaltzaleek eta handik, lehen aldiz, Bokalera abiatu ziren.

«Historikoa»

Hamar minutuko atzerapenarekin, baina behingoagatik iritsi zen Korrikako lekukoa Aturri ibaiaren ekialdera, eta furgonetatik, «aupa Bokale, historikoa da!» oihukatu zuten. Herriko auzapezak zein ireki berri den Bokaleko ikastolako kideek parte hartu zuten. Baina oraindik bazen berrikuntzarik Landetako mugan. Iaz sortu zen Lapurdiko nesken arraun taldeak lekukoa hartu eta ibaiaren beste aldera eraman baitzuen traineruan.

Zain ziren angeluarrak ibaiaren mendebaldean, eta berriz ere korrikalarien eskuek inguratu zuten testigua. Kostaldetik Biarritzera bidean, Lapurdiko Surf Elkarteko kideek eta Biarritzeko surf entrenatzaileek ere orkatilatik txikota askatu eta korrika ekin zioten Bidartera doan bideari.

Berriz ere gauak atzeman zuen Korrika Lapurdiko kostaldean, baina ateri zen, eta jende oldeak errepidea morez margotzen jarraitzen zuen. Eguna Hendaian amaitu zen, gauerdian, eta han amaitu zen Ipar Euskal Herriko itzulia. Astelehena hastear, Bidasoa ibaia iragan eta Gipuzkoan sartu ziren lasterkariak, baina ez luzerako, gaur goizeko seietan berriz hartuko baitu lur Korrikak Saran.