«Tanto bat egiteko kristorenak egin ondoren, 2-3 tanto galtzen genituen pare bat minutuan»

Iker Irribarria eta Jose Javier Zabaleta guztiz kontrakoak dira kantxa barruan eta kanpoan. Aurrelariak bizitasun osoz bizitzen ditu tantoak eta atzelaria lasaitasuna transmititzen saiatzen da beti. Atzo, ordea, biak ados jarri ziren finala zergatik galdu zuten arrazoitzean: «Beraiek hasieratik bukaerara arte partidan sartuta egon dira tanto guztietan. Guk ez dugu gure egunik onena izan, pilota dezente galdu ditugu bion artean eta uste dut horregatik galdu dugula gaur (atzogatik)», adierazi zuen Zabaletak «triste» samar.

«Orain arte jokatutako finalak irabazita neuzkan eta lehenengo hau galduta, pena hartu dut», azpimarratu zuen pilotari nafarrak. «Beti hobeto jokatu nahi duzu. Joko honekin ondo sentitzen nintzen, baina ez da atera, ez ditugu tanto asko bukatu. Azkenean opari dezente egin ditudala uste dut eta triste nago horregatik», gaineratu zuen Etxarrengoak.

Partidaren laburpen gisa, honakoa aipatu zuen: «Hasieratik asko kostatu zaigu. Hasieratik beraiek jarri dira irabazten 4-5 tanto aurretik, errekuperatzen genuen pixka bat, beraiek gure opariengatik berriz 3-4 tanto jartzen ziren aurretik erraz eta gero guri kosta egiten zitzaigun errekuperatzea. Hala izan da partida bukaera arte eta penarekin».

Iker Irribarriak bere erru partea ere onartu zuen. «Ez dugu eguna eduki. Ni, batez ere aurreneko zatian, gaizki sartu naiz, ez nuen tantorik bukatzen, pilota ez zitzaidan sartzen. Beti atzetik, beti atzetik, 10 eta 16an berdindu dugu eta opariekin segituan joan zaizkigu berriro. Horrela zaila da irabaztea», adierazi zuen Aramakoak.

«Deseroso, zehaztasun falta… Dena. Ez dut pilota eskuan sartu. Haiek oso ondo kolokatuta zeuden eta apenas galtzen zuten tantorik. Nik ez dut nire maila eman. Jose oso ondo ibili da ematen, nahiz eta 2-3 pilota galdu, txokoa oso ondo kubritu du, zabala ere, eta nik hankak ezin mugitu. Finalek ordubete irauten dute, eta ordu horretan ez baduzu egiten, etxera», azaldu zuen gipuzkoarrak.

«Sotamanoarekin min egiten nuen, baina errematean eta defentsan torpe ibili naiz. Azkenean perfektu jokatu behar da honelako bikote bati irabazteko. Ez dugu egin, daukagun guztia eman dugu gaur eta merezimendu guztiz irabazi dute», goraipatu zuen irabazleen lana.

Azkenean, esaldi honekin laburbildu zuen finala: «Atzetik joatea beti gehiago kostatzen da. Iruditzen zitzaigun guk tanto bat egiteko kristorenak egin behar genituela eta gero bi edo hiru tanto galtzen genituela pare bat minutuan».