GARA
LEMOA

«Olatu emantzipatzailea» altxatzeko deia eta hilaren 28ko «bataila» jomugan

Gazte Topaguneko ekitaldi nagusia egin zuten atzo iluntzean Lemoan Ernai eta Aitzina gazte erakundeek. Bertatik, «gazte olatu emantzipatzailea» altxatzeko deia egin zuten eta datorren igandeko hauteskundeak aipatu zituzten, hitzordua «bataila» gisa izendatuz. Helburua «geldiezinak eta erabakigarriak» izatea izanik, gazte erakundeek EH Bilduren alde bozkatzera deitu zuten, hautetsontziak «boto independentista, ezkertiar, feminista eta antifaxistez» betetzeko.

«Eskuinerantz mugitu nahi dute mundua, ez dira garai errazak», ohartarazi zuten Lemoako Gazte Topagunearen antolatzaile Ernai eta Aitzina gazte erakundeetako bozeramaileek. Irmo agertu ziren gazteak «‘es lo que hay’ batean bizitzera» kondenatu nahi dituztenen aurrean; «gu egunero altxatuko gara, ez erresistitzeko, dagokiguna irabazteko baizik».

Gazte erakundeen izenean Lur Albizuk, Izar Hernandok eta Aitor Servierrek hartu zuten hitza. Gogoan izan zuten «gerratik eta miseriatik ihesi datozenen hilerri erraldoia», baita «esplotazioa, ihesa eta heriotza eragitearen ardura duten kapitalismoa eta inperialismoa».

Hauteskundeak

Estatu frantseseko egoera eta «bere aurpegi neoliberal eta nazionalistena» salatu zuten. Halaber, «dena lotuta eta ongi lotuta duen Espainia» aipatu zuten, eta testuinguru horretan egin zuten hausteskundeetan parte hartzeko deia. «Ekintza politiko bat gehiago eginen dugu gazteok, bizitzea posizionatzea delako», baieztatu zuten.

Euskal Herriko egoeraz, bestalde, «faxismoaren trikimailurik onena berau existitzen ez dela sinestea» dela esan zuten. «Hemen ere batzuen aberastasuna gure miseria da», gogoratu zuten. Esparzarentzako hitzak ere izan zituzten. «Badakigu Nafarroa nork lapurtu nahi digun, nork nahi gaituen desagerrarazi», esan zuten. Era berean EAJri «zertan» ari den galdetu zioten, «ustezko posizio neutroan, antifaxisten kontra bizkartzain».

Ernaiko eta Aitzinako ordezkariek Txabi Etxebarrietak utzitako mezua gogoratu zuten, eta zentzu beretik gazteek egin ahal duten ekarpenik «handiena» gaurdanik «euskal herria eraiki eta Euskal Estatua erdiestea» dela esan zuten. Nabarmendu zutenez, gazteen «hauspo berritua» emango diote Euskal Herri askearen aldeko borrokari», Gazte Topaguneko «Askatasun bulkadak independentziara!» leloari jarraituz.

Era berean, gogoan izan zituzten atzoko eta gaurko errepresaliatuak, eta bereziki Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteak.