Jon GARMENDIA
Idazlea

Espazioko denbora

Izarren beha, ilargi beteari so, desira ezkutuen ilunpetan bizitzari galdezka nebilen egunean, soluzioa atzeman nuen. Desorduetan. Aspaldi ikusi eta hitz egin ez diedan lagunak ditudala erran nizun, minbera zaidala haienganako maitasuna. Ez baitut hitz bakar bat partekatu urteotan, eta egunero hitz egiten diedala uste dut. «Baina espazioa beharrezkoa da, beharrezkoa ez, nahitaezkoa», hala erran zenidan segurtasun handiz. Herkulesen zutabeek baino konfiantza gehiago islatzen duten hizlariak badaude, sendoak, zulakaitzak, beti koherentziaz jantziak baleude gisa. Kontraesanik gabeko izaki orekatuak dira, denborak gutxiagotu ez dituen nahikeria zaharrak. Eta horiek ditut itsasargi, lur eta itsasoko naufrago izanik beso zabal atxikiko nauten zur ohol haragituak bailiran. Zenbat egiten diodan kontra ene buruari! Bai, hasiko natzaizu sinisten. Izango da arrazoi beteko oihartzun ahula naizela igual, ez zu bezain desberdin ordea, gaur zerbait irabazteko bihar zer galduko duzun pentsatzen baituzu. Lagunak, ezagunak... kosmo, edo atmosfera berri bat sortu duzula uste dudalako agian. Eta espazioari heldu diot, zure esaldiari, beharrezkoa, nahitaezkoa eta premiazkoaren arteko bilana egin dut ondotik, filologiaren erreka meharrak bazter utzita, hitzotan zeinek duen nezesidadeari buruzko prezisio gehiago pentsatuz. Atzo, bakarrik sentitu nintzela oroitu dut halere, nahiz eta zurekin egon. Esnebidea ekarri dut pentsamendura gero, espazioa, edo denbora, neurgailurik ez bagenu ez genukeelako jakingo zenbat falta den maite ditugun guztiekin elkartzeko.