GARA
bilbo

Lan istripuzko 67 heriotza zenbatu ditu ELAk, 2012tik kopuru handiena

Azken sei urteetan lan istripuek eragindako heriotza gehien utzi dituen ekitaldia izan da 2018koa, eta 2017ko datuekin alderatuta, heriotza tasak %20 egin du gora Hego Euskal Herrian, ELAren arabera. Istripuak prekaritatearen ondorio direla gaitzetsi du sindikatuak, eta lan ikuskaritzako lantaldea murritzegia dela salatu.

2018ko Laneko Ezbeharren Txostena aurkeztu zuten atzo Bilbon Pello Igeregi, Andoni Larralde eta Leire Heredia ELAko ordezkariek, hilaren 28ko Nazioarteko Lan Segurtasunaren egunaren karietara.

Lan istripuek eragindako heriotzei dagokienez, azken sei urteetan okerrena izan da 2018a. Guztira, 67 hildako kontabilizatu ditu sindikatuak. 2017an 54 izan zirela gogorarazi zuten, eta hala, heriotzak %20 gehitu direla urte batetik bestera.

Datuok ez datoz bat, ordea, Osalanek eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (Noploi) emandakoekin. Lanpostuan hildako pertsonak 43 izan ziren 2017an iturri ofizialen arabera, eta 2018an, 47.

ELAko ordezkariek salatu zuten Osalanek eta Noploik ez dituztela gaixotasun profesionalen ondorioz zendutakoak aipatzen, nahiz eta, aditzera eman zutenez, Europako Laneko Segurtasun eta Osasunaren Agentziak egindako kalkuluen arabera, gaixotasun profesionalen ondorioz hildakoak istripuen eraginez hildakoak baino 35 bider gehiago diren.

Hala, txostenean agertzen denez, laneko istripuen eta gaixotasunen «azpierregistro» bat dago, «gero eta handiagoa dena». ELAren arabera, «iruzurra» darabilte enpresek, eta istripu «larrienak arin gisa erregistratzen dira eta beste batzuk ez dira deklaratu ere egiten». Mutualitateek ere istripu eta gaixotasunak «ezkutatzen» dituztela segurtatzen da dokumentuan; are, «legez kontrako praktikak erabiltzen dituzte kostuak murrizteko eta ezbehar tasari buruzko datuak itxuraldatzeko».

Halaber, «kaltetu askok ezin dituzte laneko istripuak eta kalteak jakinarazi», zehazten da, «lan baldintza prekarioak dituztelako eta beren enplegua galtzeko beldurra dutelako».

Prekaritatea oinarrian

Lan ikuskarien beharra aldarrikatu zuten ELAko hiru kideek, izan ere, «ikuskaritza lantaldea Europar Batasuneko batez besteko maila baino 2,5 bider txikiagoa da» Nafarroan. Ikuskaritza indartu ezean, «aurrerantzean ere enpresek prebentzio arauak nahieran aplikatuko dituzte: horrek ematen du gure erakunde eta alderdiek lan osasunarekiko duten kezkaren benetako neurria».

«Organismo ofizialak behartuta sentitzen dira erakustera lan osasunean zerbait egiten dutela, baina bitartean enpresen erabateko utzikeria zuritu egiten dute», salatu zuten sindikalistek atzoko agerraldian.

Laneko istripuen herenak kontratuaren lehen hilean gertatzen direla jakinarazi zuten, eta «lana galtzeko beldurrak» eragindako «antsietatea eta presaka lan egitea» prebentzio neurriekin «bateraezina» dela.

Egoerari buelta emateko, sindikatuak proposatu zuen, besteak beste, Gizarte Segurantzarako transferentzia barnean hartzen duen babeserako esparru propio bat sortzea, Lan Ikuskaritzako giza baliabideak Europako batez bestekoarekin parekatzea, errepideetako puntu beltzak desagerraraztea eta Lan Ikuskaritzaren eskumena Nafarroaren esku uztea.