Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Atutxa eta Urruzuno, 5kirol txapelketaren irabazleak

Pronostikoak bete dituzte eta lau minututik gorako tartearekin menderatu dituzte Arria V.a eta Eizmendi.

Aitzol Atutxa eta Inhar Urruzuno dira 5kirol txapelketa berriaren lehen irabazleak. Finala atzo eguerdian jokatu zen Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta frontoiak itxura oso ona izan zuen: 800 bat pertsona harmailetan eta gaztetxo asko.

Aurreneko lana harri-jasotzekoa izan zen: 100 kiloko harriarekin, lau txandatan, 100 jasoaldi ematea. Lau txandetan Urruzuno gehiago izan zen. Minutu inguruko tartea atera zion Eizmendiri. Bestalde, aizkoran, Atutxak tartetxoa ireki zion Arria V.ari. Harri-jasotze eta aizkora lanak bukatuta, tartea hau zen: Atutxak eta Urruzunok 27 minutu eta 04 segundo eta Arria V.ak eta Eizmendik 27 minutu eta 56 segundo.

Dena den, txinga eroaten eta ingudea jasotzen tarte handia ireki zuten irabazleek. Gauza bera gertatu zen azken lanean, trontzan, zuloa handitu egin baitzuten. Hala, lan guztiak amaitu ondoren, Atutxa-Urruzuno bikoteak 41 minutu eta 17 segundoko denbora lortu zuen, eta Arria V.ak eta Eizmendik 45 minutu eta 35 segundokoa.

Final horren aurretik, bi emakume plazaratu ziren marka handi bat ondu nahirik. Nerea Egurrola getxoztarra eta Garazi Arruti bilbotarra Xanta Sousa lesakarrak 25 kiloko txingekin egin zuen marka ontzen saiatu ziren. 55 plazan jarri zuen aspalditxo Sousak marka, eta ezin izan zuten ondu: Garazik 29 plaza eta 25 metro egin zituen eta Nerea Egurrolak 51 plaza.

Lazkaon, Larrañaga eta Alberdi

Lazkaon, herriko jaiak tarteko, Urrezko Aizkolarien ekitaldi berri bat jokatu zen atzo. Julen Alberdi Txikia IV.a, Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño neurtu ziren, eta irabazleak aurreneko biak izan ziren. Modu horretan, lehiaketako hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela lortu zuten Larrañagak eta Alberdik.