Andoni ARABAOLAZA
LEHIA

Janja Granbretek erakutsi duOlinpiar Jokoak buruan dituela

Proba baten faltan, Blokeko Munduko Kopa aise irabazi du 20 urteko eskalatzaile esloveniarrak.

Janja Garnbretek 20 urte besterik ez ditu, baina lasai asko esan dezakegu mundu mailan lehen lerroan dagoen eskalatzailea dela. Batez ere, kirol eskaladan (bi 9a ditu) eta lehietan. Adibidez, azken arlo horri dagokionez, oraindik bukatu gabe dagoen Blokeko Munduko Kopa irabazi du. Eta ez dela amaitu esaten dugu oraindik proba bat jokatzeke dagoela; hain zuzen ere, ekainaren 8an eta 9an Vailen (AEB) izango dena. Eta, bai, erregulartasunaren zirkuitu hori (bost proba dira) patrikan du antolatu diren lau hitzorduak irabazi dituelako. Garaipen horiei esker, behin-behineko sailkapen nagusian 500 puntu ditu, eta bigarrenak, Fanny Gibert frantziarrak, soilik 268. Horrek, jakina, esan nahi du azken proban parte hartzen ez badu ere, tituluarekin egingo dela.

Esloveniarrak blokeko zirkuitu horretan izan duen agerraldi indartsuak erakusten du heldu den urtean Japonian antolatu diren Olinpiar Jokoak irabazteko hautagai nagusia dela. Eta hori diogu, besteak beste, zailtasuneko probak bikain menderatzeaz gain, boulderrean ere urrats kualitatiboa eman duelako. Lasai asko esan genezake Garnbret zailtasuneko lehietan espezialista handia dela; hori ez du inork zalantzan jartzen. Esloveniarraren curriculuma begiratzea nahikoa da. Gazte mailako nazioarteko makina bat garaipen pilatu ditu; hots, garrantzitsuenak. Hori gutxi ez, eta 16 urterekin seniorren mailara egin zuen salto. Eta harrezkero, Munduko Txapelketan zein Munduko Kopan tituluak eta tituluak pilatzen joan da.

Baina Olinpiar Jokoak hurbildu heinean, lehiakide gazte honek boulderrean zituen “gabeziak” sendotzeko apustua egin du azkenaldian. Eta horren adibide argia da iaz Munduko Txapelketan sinatutako garaipena.

Irakurtzen den bezala, bi diziplina horietan goi mailako emaitzak lortu ditu. Eta horregatik diogu Olinpiar Jokoak irabazteko hautagai nagusia dela. Hala ere, oraindik badu hirugarren diziplina bat “zintzilik”: abiadura. Izan ere, gogoratu behar dugu Olinpiar Jokoetako formatua ezberdina izango dela. Oro har, Munduko Txapelketan zein Kopan, bakoitza bere aldetik, aipatu ditugun hiru diziplina horietako irabazleak izaten dira. Japonian, berriz, overall moduko bat egingo da; hots, hiru modalitate horietan lortutako puntuak batuko dira eta puntu gehien ateratzen dituena egingo da urrearekin. Titulu hori irabazteko, beraz, lehiakide erregularra eta osoa izan behar da.

Abiadurako lehiei dagokienez, esloveniarrak onartu du oraindik lan eskerga egin behar duela: «Zailtasuneko Munduko Koparen azken hiru hitzorduak irabazi ditut. Eta nire bizkar-zakuan nazioarteko makina bat lehia ere baditut. Boulderrean, adibidez, banuen arantza bat, eta, neurri batean, iaz kentzea erdietsi nuen. Munduko Txapelketa irabazi nuen; beraz, Munduko Kopan erabat zentratzea erabaki nuen. Emaitzak ikusita, orain esan dezaket bi modalitate horietan ondo moldatzen naizela. Baina Olinpiar Jokoetan beste bat ere badago: abiadura. Orain dela gutxira arte, ez dut espezialitate hori entrenatu. Estilo horretan bide batzuk eskalatu ditut, baina, esan bezala, ezer gutxi egin dut. Dagoeneko, Japoniara begira jarri naiz, eta argi dut urrea irabazteko abiaduran asko hobetu behar dudala. Lehiakide guztiontzat Olinpiar Jokoak oso garrantzitsuak dira; niretzat, bederen, xede handi bat da».

Lehen lerroan

Ez da neska prodijio bat, baina hitz horretatik oso gertu ibili da. Arestian aipatu dugu lehietan, oso gaztetik gainera, ia dena irabazi duela. Topera jardun du beti, eta lehien inguruan honako hausnarketa egin du: «Urte mordoa daramat lehiatzen, eta lehia mundu hori nire lehentasuna da. Txiki-txikitatik makina bat hitzordutan izan naiz; izan ere, arrokara joateko astirik ez nuen. Baten batek esan dit ea ez naizen aspertzen hainbeste garaipenekin. Gazte mailan, adibidez, ezberdina zen; beste ikuspegi bat nuen. Gazte guztiek bezala irabazi nahi nuen, eta, bide batez, lehia bakoitzean %100a eman. Munduko Kopan lehiatzen hasi nintzenean, orduan bai hasi nintzen jubenil mailako txapelketetan aspertzen; izan ere, ez zen erronka bera. 16 urtetik gorakoekin Munduko Kopan lehiatzean, nire helburua ez zen irabaztea, seniorren maila horretan eskarmenturik ez nuelako. Helburua finaletan sartzea zen. Baina nire lehen finalera sartu nintzenean, Chamonixen, orduan bai ikusi nuen podium bat lortzea posible zela. Une jakin horretan, Munduko Kopan ere emaitza bikainak lortzeko gogor hasi nintzen entrenatzen».

Esloveniarrak adierazi duen bezala, pixkaka-pixkaka finaletan muturra sartzen joan zen. Eta ia jarraian lehen podiumak eta tituluak iritsi ziren: «Esaten didate beste lehiakide batzuk baino indartsuagoa naizela. Egia esan behar badut ez dakit non dagoen ezberdintasuna. Eskalada maite dut, eta niretzat entrenatzea ez da buruhaustea. Are gehiago esango nuke: lehiatzea baino entrenatzea gehiago gustatzen zait. Entrenamenduetan erlaxatu eta baretu egiten naiz, eta, hatzen azala gaizki badut ere, %100a eman dezaket. Batzuetan, lehiaketak estresagarriak izan daitezke. Bost hitzordu jarraian ditudanean, nire energia guztia horretan bideratu behar dut. Eta hori era egokian mantentzea zaila da».

Bestalde, zailtasuneko probetan transmititzen duen erraztasunak ia denak ahoa bete hortz uzten ditu: «Ez dakit bide bati lasai edo ‘haserre’ ekin behar diodan. Hori azken urteotan landu dut. Erraztasun itxura hori eman dezaket, baina nik beste era batera bizitzen dut. Ziur aski oreka bat bilatu behar dut. Egun, jendeak esaten dit eskarmentua dudala. Buruan dago dena, eta hor esperientziak egundoko garrantzia dauka. 16 edo 17 urte nituenean, arazo hori neukan. Adibidez, lehen korapiloa ez banuen gainditzen, blokeatu egiten nintzen. Baina esan dudan bezala, egun askoz ere eskarmentu gehiago dut, eta egoera horiek askoz ere hobeto kudeatzen ditut».